Dagoeneko eska daitezke tasa eta zergen gaineko hobariak
Hilaren 28ra arte egongo da horretarako aukera. Eskaera egiten duten familia zaurgarriek ez dituzte urari eta hondakinei dagozkien tasak ordaindu beharko.
Oiartzungo Udalak etxez etxe banatu du 2026an herritarrek ordaindu beharko dituzten zerga eta tasen egutegia banako bakoitzak jakin dezan tributu ezberdinen kitapena zein epetan egin behar den. Zehazki, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga; ondasun higiezinen gaineko zerga; jarduera ekonomikoen gaineko zerga; uraren eta estolderiaren gaineko zerga eta hondakinen zerga izaten dira urteko zerga eta tasa nagusiak.
Urte honetako zerga zein tasak udalbatza osoaren babesarekin daude onartuta, eta hiru helbururen baitan zehaztu dituzte: udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko diru sarrera nahikoak izatea; egoera zaurgarrian dauden oiartzuarrak laguntzea, eta trantsizio ekologikoa sustatzea. “Oiartzun justuagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa izateko helburuz, alegia”, zehaztu dute udaletik.
Gauzak horrela, hogei hobaritik gora daude jasota ordenantzan. Era berean, nabarmendu dute hutsik dauden etxeen jabeek %50eko hobaria izango dutela ondasun higiezinen gaineko zergan etxebizitza bizigune edo ASAP programaren. bidez alokairuan jartzen badute. Haatik, etxebizitza hutsik mantentzen badute, %100eko gainkargua ordaindu beharko dute haren jabeek.
Xehetasun guztiak ikusteko eta eska daitezkeen zerga eta tasen gaineko hobariak zein diren jakiteko, egin klik hemen. Bide horretan, Oiartzungo Udalak argitu du hobariak aplikatzeko eskaria egin egin behar dela, ez baitira horiek automatikoki aplikatzen.
Horretaz gain, udalak bildu dituen azken datuen arabera, herriak 4000 familia inguru bizi dira, eta horietatik 100bat dira “bereziki egoera zaurgarrian” daudenak. “Udalak aspalditik ditu martxan hobari sistemak eta horri esker, 2025ean adibidez, 102 familia egon dira uraren eta hondakinen tasetatik salbuetsita”, azaldu du Olaia Lasa Olaziregi ongizate zinegotziak.
Urteko lehen egunetik dago tasa eta zergen gaineko hobariak eskatzeko aukera, eta zabaldik egongo da hilaren 28ra bitartean. Eskera horiek udaleko arreta bulegoan edota egoitza elektronikoaren bidez egin behar dira, baina informazio guztia hemen aurki daiteke.
