Aizarte, Arburu edota Zubeltzutik igaroko dira Bizardiaren ibilaldian
Hilaren 26an (igandea da) izango da ibilaldia, eta edonork hark dezake parte. Aldez aurretik eman behar da izena irteeran parte hartzeko.
Datorren igandean (hilak 26) mendi ibilaldia egingo du Bizardia Elkarteak, eta egun horretan egingo duten bidearen xehetasunak zein argazkiak elkarbanatu dituzte berriki.
Aurreratu dutenez, zenbait leku aipagarritatik pasako dira; hala nola, Aizartetik, eta gero Malkorra erreka zeharkatuz Irun barrena sartu eta gorantz jarraituko dute Agirrera. Handik Arburura iritsiko dira, eta handik beherantz joko dute Makatzaga eta Bekoerrota aldera, eta ondoren Zubeltzuko tontorrera igoko dira.
Gero Elatzeta inguratu eta Mokozorrotz aldera joko dute Guadalupe baserrira iritsi arte, eta horrekin batera Oiartzunen sartuko dira berriz. Azkenik, Arkalen zehar txango txiki bat egingo dute, eta han hamaiketakoa egingo dutela jakinarazi dute.
“Ohikoak ez diren” bideetan barrena ibiliko dira hilaren 26ko hitzorduan, eta bakarka zein taldeka parte har daitekeela jakinarazi dute. 7 euroko prezioa du irteerak, baina soilik 14 urtetik gorakoek ordaindu beharko dute.
Hartara, aurrez izena ematen dutenei irteera baino lehen orri bat banatuko diete, eta bertan ibilbidea jarraitzeko mapa bat, Wikiloceko qr kodea eta irteerako, helmugako eta kontrol puntuetako igarotzeko orduak apuntatzeko tokia egongo da.
Gurutzeko frontoitik abiatuko dira, 7:30ean. Esteka honetan eman behar da izena.
