Kubarako bilketa solidariok egingo dituzte zenbait egunetan
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean bilduko dituzte produktuak.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Kubara eramateko oinarrizko produktuen bilketa egigno dute Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean, eta orotara Euskal Herriko 93 herritan zein unibertsitateetako campusetan izango dira bilketak. Heziguneetan, berriz, hilaren 24ra bitartean ariko dira produktuak jasotzen, eta hilaren 25ean herrietako kaleetan egingo dituzte bilketak.
Lezo Herri Eskolan, Lizeon eta Elizalde Herri Eskolan egingo ditu bilketak IASk hilaren 24ra bitartean, eta, EHKSk, berriz, Oreretan eta Oiartzunen egingo ditu hilaren 25ean. Oreretan Niessen merkatalguneko Eroskin izango da bilketa 10:00etatik 14:00etara, eta Oiartzunen, berriz, Alcampon, 10:00etatik 19:000etara. Besteak beste, honakoak bildu nahi dituzte: material sanitarioa, higiene materiala, garbitzeko materiala, elikadura osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz azidoak eta probiotikoak), elikagai ez galkorrak (pasta, lekaleak, esne hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak), kirol materiala edota ikas materiala.
Material sanitarioari dagokionean, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko diren medikamenduak bilduko dituzte, baita mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak ere; tresneria eta baliabide kirurgikoak, eskularruak eta preserbatiboak, kasu. Hots, higienerako konpresak, tampaxak, toallatxoak zein haur eta helduen pixoihalak ere eskatu dituzte. Bestalde, erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak eta biberoien garbitzaileak bezalakoak eramateko deia ere egin dute.
Horietaz gain, kirola egiteko materiala ere bideratu nahi dute Kubara, eta horretarako pilotak, erraketak, bizikletak eta bestelako ekipamendua eskatu dute. Baita, noski, eskolako materiala ere: arkatzak, boligrafoak, margoak, errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…
“Hiru eragileek nabarmendu nahi dugu oso larria dela Kubako egoera: itzalaldiak eta erregaien eskasia ohiko errealitatea bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza. Egoera hau iraultzaz geroztik Amerikako Estatu Batuek Kubaren aurka izan duten politika isolazionista eta kriminalaren ondorioa da. Gainera, azken urteetan blokeo hau biziagotu egin du Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere”.
Bide horretan, azpimarratu dute Kubako herria muturreko egoeran dagoela AEBen blokeo kriminala dela; “Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau”. Era berean, gehitu dute Kuba elkartasun internazionalistaren eredu izan dela hamarkadetan zehar “modu guztiz desinteresatuan”.
Eta, horregatik guztiagatik, diote: “Orain guri dagokigu Kubako herriari elkartasuna adieraztea. Mundu osoa gerran sartzen ari diren honetan, inperialismoaren aurka mobilizatzea eta gizatasunez jardutea dagokigu”.
