Portuko Plan Estrategikoaren alde agertu da Oarsoaldeko PSE-EE
EH Bilduk planaren aurka bozkatu izana deitoratu dute, eta eskatu "jarduera ekonomikoak eta justizia sozialak eskutik joan behar dutela ulertuko duen gobernantza eredu batekin bat egiteko".
Atzoko administrazio kontseiluan onartu zen Pasaiako Portu Agintaritzaren 2025-2030 epealdirako Plan Estrategikoa, eta Errenteria, Pasaia eta Lezoko PSE-EEk berau defendatu du “azpiegituren etorkizuna bermatzen duelako”.
Isaac Palencia (Errenteria), Lore Suarez (Pasaia) eta Joxean Sanchez (Lezo) dira, hurrenez hurren, bozeramaile sozialistak, eta EH Bilduk planaren aurka bozkatu izana deitoratzeaz gain, “sinesgarritasun falta” leporatu diote “eskualdean portuaren desklasifikazioa defendatzen dute”. Horri horrela, sozialistek honakoa salatu dute. “Kexan eta blokeo sistematikoan kokatzen direnen aurrean, sozialistok letra larriz egindako politikaren aldeko apustua egiten dugu, jarduera ekonomikoaren eta gure bizilagunen bizi kalitatearen arteko bizikidetza bermatzen duena”.
Bide horretan, “arduragabekeriaz” akusatu dituzte Errenteria, Pasaia eta Lezoko alkateak, eta, leporatu, “jarrera politiko baten ondoren kudeatzeko gaitasunik ez izatea”. Horrek badiaren biziberritzea “geldiarazten” duela sinistuta daude: “Beren interes ideologikoak eskualdearen eta udalerrien beharren gainetik jartzen dituzte”.
Hori gutxi ez, eta PSE-EEk adierazi du EH Bilduko alkateen “elkarrizketa falta” dela eskualdearen “oztopo” nagusia: “Politika ez da betiko kexaren artea, irtenbideak adosteko elkarrizketarako eta erantzukizunerako gaitasuna baizik”. Gainera, gehitu dute “elkarrizketa instituzionalerako ezintasun nabarmen horrek” inbertsiorako eta enplegurako “aukera historikoak” galtzera “kondenatzen” dituela inguruko herriak.
EH Bildu, aurka
Sozialistek, bestalde, kritikatu dute EH Bilduk Plan Estrategikoa aldatzeko eta portuaren desklasifikazio eskatzen duen bitartean, espainiako Diputatuen Kongresuan “eragin negatiboez” galdetu dutela, bai eta Eusko Legebiltzarrean espazio horiek desklasifikatzeak Gipuzkoako ekonomiarekiko eta enpleguarekiko izango lukeen eragin negatiboaz ere. “Herritarrei iruzur egitea da. Udalean ezin da erradikalismorik saldu, Madrilen edo Gasteizen beren proposamenen errealitate ekonomikoaren beldurra onartzen den bitartean”.
Hartara, gaineratu dute Oarsoaldeko sozialistek portu eredu “moderno, jasangarri eta inguruarekiko errespetu handiko baten aldeko apustua” berresten dutela; “Plan Estrategikoa aukera bat da portua abangoardiako industria tresna bihurtzeko. Kaien deskarbonizazioa eta elektrifikazioa ezin dira negoziatu: EH Bildu gauzatzeko gai ez den herritarren osasunarekiko konpromisoak dira”.
Horretaz gain, Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa “lehentasun estrategikokoa eta ukaezina” dela diote: “Benetako aukera bat da, kamioiak gure kaleetatik ateratzea ahalbidetuko luke, trenbidearen eta Europako zabaleraren arteko lotura bermatzeko. Eskualdearen garapen ekonomikorako motor gisa eratuko litzateke, eta aldi berean, Lezoko portuko instalazioen eraginak murriztuko lituzke trenbidearen erabilera errepide bidezko garraioaren aurrean indartuko litzatekeelako eta ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik proiektu jasangarria izango litzatekeelako”.
Badiaren biziberritzea, “ekitate kontua”
Azkenik, gaineratu dute badiako udalerrien inguruko espazioak “berreskuratuko” lituzkeela “kulturako, paseorako eta herritarren ongizaterako”. Hargatik, diote badiaren biziberritzea ez dela estetika kontua, “ekitate” kontua baizik. “Zementuari irabazitako metro karratu bakoitza eskualde gizatiarrago baterako urratsa da”.
Hortaz, EH Bilduri “gatazka antzuak” alde batera utzi eta “jarduera ekonomikoak eta justizia sozialak eskutik joan behar dutela ulertuko duen gobernantza eredu batekin bat egiteko” eskatu diote.
