Elizalde eguna ospatuko dute igandean
Egun osoko egitaraua antolatu dute hilaren 17rako. Besteak beste, Koloretako sustrai kantaren bideoklipa osatzeko irudiak grabatuko dituzte.
Igandean, hilaren 17an ospatuko dute Elizalde komunitateko kideek 50. urteurrena. Maiatzeko hirugarren igandean ospatzen dute urtero eskolaren festa nagusia, baina aurtengoa “berezia” izango dela nabarmendu dute, mende erdiaren ospakizunarekin bat egingo duelako.
Egun seinalatu horretako ekintzek memoria historikoarekin zein identitatearekin, jolasarekin zein kirolarekin, komunitatearekin zein ospakizunarekin, eta kulturarekin zein sormenarekin egiten dute bat.
Igandean, esaterako, Koloretako sustrai kantaren bideoklipa osatzeko irudiak grabatuko dituzte, eta, 11:45ean, berriz, Denboraren kapsula lurperatuko dute eskola patioan. Bide horretan, aurreratu dute “100. urteurrena ospatuko duten etorkizuneko ikasleei utzitako gaur egungo objektuak, mezuak eta bestelakoak sartuko dira, zeinak azken asteetan HH, LH eta DBHko ikasleek eskola orduetan arretaz landu ditzaten”.
Aurtengo egitarauan ohiko ekintzak mantenduko dira, baina zenbait berritasun izango dira. Esaterako, 10:00etako krosean hezkuntza komunitate osoko kideek zein familiek ibilbide luzean parte hartzeko aukera izango dute. Bestalde, 10:45ean hasita, Frutekin irudi ikusgarriak egitasmoa egingo dute lehenengoz.
Gainera, Euskara eta kulturartekotasuna proiektuari tiraka, eskolan euskara ikasten aritu diren gurasoei aitortza publikoa egingo zaie 12:15ean.
Gero, 16:00etan II. Maritxu Goldaratz Pikabea frontoi txiki esku pilota txapelketako finalen eta sari banaketaren txanda izango da.
Egitaraua
- 10:00. Txupinazoa
- 10:00. Krosa: ibilbide motza HHko eta LHko 1, 2 eta 3. mailakoentzat. Ibilbide luzea LHko 4, 5 eta 6. mailakoentzat, DBHkoentzat eta hezkuntza komunitatearentzat.
- 10:45 – 11:45. Frutekin irudi ikusgarriak sortzeko gunea, haurrentzako tailerrak eta zuhaitz landakeeta.
- 11:45. Denboraren kapsula ekitaldia
- 12:15. Emanaldia
- 13:30. Txikien bazkaria
- 14:00. Helduen bazkaria
- 16:00. Pilota txapelketako finalak
- 16:00 – 17:30. Arratsaldeko tailerrak
- 17:30. Merienda
- 17:45 – 19:45. Diskofesta
