Pasaiako badia, munduko itsas ondarearen erakusleiho
120 ontzi inguruk Pasaiako badia bereganatu dute gaur arratsaldean, Pasaiako Itsas Festibalaren hasieran. Eguraldiak ez du ontzi tradizionalen etorrera zapuztu.
Itsasotik heldu beharrean, badian bertan ibili dira han eta hemen. Dozenaka eta dozenaka ontzi tradizional izan dira gaurko protagonista nagusiak Pasaiako badian. Hala izango da igandera bitarte, Pasaia Itsas Festibalaren laugarrena hasi baita. Tamaina, jatorri eta tipologia askotariko ontziek bereganatu dute jada badia.
Ezohiko moduan hasi da laugarrena, eguraldiak zenbait aldaketa eragin baititu. Itsasotik egin ohi duten sarreraren ordez, badian bertan hasi dute aurtengoa, han eta hemen ibili dira ontziak arratsaldean zehar. Aterkiz bete dira badiako bi aldeak, euria indartsu erori arren, jakinmina piztu baitu aurtengoak ere.
100dik gora barku heldu dira Pasaiara aurten (120 inguruk eman dute izena laugarren honetan) eta horiek guztiak kanpotik eta gertutik ikusteaz gainera, asko barrutik bisitatu ahal izango dira. Horietako bat da iaz uretaratutako San Juan baleontzia, asteburu berezi honetan ateak zabalik izango dituena. Pasaian eraikitakoaz gain, antolakuntzak bi ontzi nabarmendu ditu: Étoile du Roy, hiru mastako fragata kortsarioa eta Recouvrance, XIX. mendeko Frantziako itsas armadako itsasontziaren erreplika.
Laugarren honetan ere ez dira ontzietara mugatuko, eta askotariko ekitaldi eta ekintzak izango dira, adin tarte guztiei begirakoak. Beheko koadroan egitarau osoa kontsulta daiteke.
HITZA Donibane eta San Pedron izan da, honako irudiak bilduz:
