'Etena' ez-erakusketa inauguratuko dute ostiralean Ehuntzen
Gogoetarako ez-erakusketa ondu dute Ehuntze espazioan, baina hutsik egongo da. Inaugurazioa 19:00etan izango da.
ETENA arte ez-erakusketa inauguratuko dute ostiralean (hilak 22) Ehuntzen sormen espazioan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, erakusketa irekia egongo da astebetez, baina hutsik egongo da berau. Are, egitaraua ere zabalduko dute, baina ez dute ezer egingo, inaugurazioa baino ez. “Gogoetarako ez-erakusketa” modura definitu dute Metrokoadrokak antolatutako jarduera.
Hori horrela, erakusketa zabalik dagoen bitartean bisitariek galdera honen erantzuna idatzi ahal izango dute erakusketa hutsean: ‘Zer zen zuretzat kultura lehen, zer nahi zenuke izatea gero?’.
Era berean, aurreratu dute “azkenaldian erakunde publikoen aldetik egitasmoak izan dituen galerak” bultzatu dituela udaberrian 21 Aulki “era honetara” antolatzea. Hartara, herritarrak, kultur zaleak edota kultur ekitaldiak antolatzeko gogoa eta beharra aldarrikatu nahi lukeen oro animatu dute inaugurazio horretara. Ostiraleko hitzordura joan behar duenak mezu elektroniko bat idatzi beharko du helbide honetara.
Etena ez-erakusketaren egitaraua
- Ez-erakusketaren ordutegia: 17:00 – 20:00.
- Hilak 22, 19:00. Ez-erakusketaren inaugurazioa. Egingo da.
- Hilak 25, 17:30. Artista liburu aurkezpena. Ez da egingo.
- Hilak 27, 14:30. Mediazioa. Ez da egingo.
- Hilak 28, 18:30. Tailerra. Ez da egingo.
- Hilak 29, 19:00. Zuzeneko emanaldia. Ez da egingo.
