Ikasle ohien hitzaldiak "lanbideen genero estereotipoak apurtzeko"
Harkaitz Villar, Ainhoa Arana eta Amalur Arbelaitz Elizaldeko ikasle ohiek euren lanbidearen berri eman diete Lehen Hezkuntzako ikasleei.
Elizalde Eskolak ikasle ohien hitzaldi zikloa abiatu du Memoria historikoa eta identitatea ekintza lerroaren barruan. “Lanbideen genero estereotipoak apurtzea” da jarduera horren helburua, eta dagoeneko egin dute lehen hitzordua.
Lehen topaketa horretako protagonistak Harkaitz Villar, Ainhoa Arana eta Amalur Arbelaitz izan dira, eta euren esperientziak Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleekin elkarbanatu zituzten.
Villar herriko ile apaindegi batean aritu da lanean hogei urtez, eta makillatzeko eskolak ere ematen ditu, eta haren esperientziarekin “ikasleek bere lanaren alderdi artistikoa eta sortzailea” gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Aranaren txanda izan zen gero, eta hark partekatu zuen hogei urtez erizain izan ondotik, duela sei urtetik Donostiako suhiltzaile eta babes zibileko teknikaria dela.
Eta, azkenik, Arbelaitzen txanda izan zen. Herri kirolak ez dira bere lanbidea, baina arlo horretan zinez ezaguna denez, ikasleei “argi erakutsi zien pasioak eta kirolak ez duela mugarik”.
Hiru hitzaldi horiekin haurrak inspiratzeaz gain, gertuko ereduak eskaini zein belaunaldien arteko loturak egin nahi izan zituen Elizaldek.
Abiatu berri duten ziklo honek aurrera egiten jarraituko du, eta dagoeneko jakinarazi dute hurrengo saioa Afiziotik ofiziora izenekoa izango dela, eta, bertan, euren zaletasun edo afizio handietan euren lanbide eta bizimodu bilakatzea lortu duten ikasle ohien testigantzak jasoko dituztela.
