'Deiadarra' liburuaren aurkezpena egingo dute bihar, pleno aretoan
Oiartzungo Euskal Herrian Euskarazen ekimenez antolatuta, Aritz Ibarra Agirrezabal egileak emango du ilustrazio liburuaren berri.
Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz egitasmoak antolatuta, Deiadarra liburuaren aurkezpena egingo dute bihar (hilak 21, osteguna).
Aritz Ibarra Agirrezabalena da liburua, eta egilea bera izango da 19:00etako udaletxeko pleno aretoko saioan hitz egingo duena.
Deiadarra Erromatar konkistatik Nafarroako erresumaren burujabetza osoaren amaieraraino euskaldunen biziraupenerako borondate historikoa laburbiltzen duen ilustrazio liburua da.
“Herri hau menderatu nahi izan zuten inperio eta erresumen kronikek emango digute honen berri. Baskoiak aurrenekoz aipatu zituzten erromatarrekin hasita, orotariko aurkariei eutsiz osatzen joan zen mendeetan euskaldunen, baskoien izaera menderakaitza”.
