95 urte Guardia Zibilak hainbat langile tiroz erail zituenetik
1931n Donostiara manifestazioan abiatutako hainbat portuko langile erail zituen Guardia Zibilak Ategorrioetako erlojuaren parean. Manifestazio hura abiatu zen tokian omenaldia egin diete hildako eta zaurituei.
Gaur 95 urte bete dira Donostiako Ategorrietarko erlojuaren parean Guardia Zibilak tiroz hainbat manifestari erail zituenetik. Pasaiako portuko hainbat arrantzale eta haien senide izan ziren hildakoak, Trintxerpetik Donostira abiatutako manifestazio batean. Jatekoa eta askatasuna eskatzen zuen mobilizazio horretan, aipatutako erlojura iristean manfiestarien kontra tiroka hasi ziren zaldi gainean zihoazen Guardia Zibilak. Hainbat hildako eta zauritu eragin zituen poliziak.
Sarraski horren 95. urteurreneaan, eraildakoak eta zauritutakoak gogoratu eta omendu nahi izan ditu Pasaiako Udalak. Trintxerpeko alkateordetzan (bertan hasi baitzen 1931ko manifestazio hura) iaz udalak jarritako plakaren azpian egin dute aurtengo ekitaldia. Lore sorta eskaini dute orduko hartan poliziaren gehiegikeria pairatu zutenen ohorez. Gaurkoan udaleko ordezkariek nabarmendu dutenez, “sarraskian hildako eta zauritutako langileen memoria berreskuratu, aitortu eta belaunaldi berriei transmititzeko” apustu irmoa du erakundeak. Iaz jarri zuten oroimenerako plaka hori, Julen Lazkano eta Joritz Lizarbek diseinatutakoa.
Teo Alberro alkateak memoria demokratikoa “herrien duintasunarekin eta etorkizunarekin lotutako ariketa” dela aipatu du gaurko omenaldian: “XX. mendean gure herrian gerra testuingurutik kanpo langileen kontra egindako sarraskirik handiena izan da eta ez dugu nahi ahanzturan geldi dadin”.
Aurtengo omenaldian memoria eta aitortza ariketa bat egin nahi izan dute, baina sorkuntza baliatuz. Hala, Nora Gondat artista antxotarrak egindako esku hartze artistikoa aurkeztu dute plakaren azpikaldean. Lnarekin “sarraskiaren krudeltasuna” islatu nahi izan duela aipatu du artista gazteak, eta harro eta pozik hartu duela ardura. “Arteak ere memoria egiteko, kontakizuna transmititzeko eta herri baten zauri eta borrokekin konektatzeko balio du ere. Giza eskubideen urraketak pairatu zituzten herritarren aitortza eta duintasuna aldarrikatzen jarraituko dugu etorkizun justuago bat eraikitzeko”, erantsi du alkateak, antxotarraren lana goraipatuz.
Gaurko ekitaldian udalean ordezkaritza duten talde guztietako kideak ere izan dira, baita Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteko kideak.
