Xenpelar Bertso Eskolaren jarduera bertan behera utzi du udalak
Bertso eskolari lotuta egin diren salaketak "irmo" gaitzetsi, eta udal baliabideak erasoen biktima izan diren neska eta emakume gazteen zein haien gurasoen eskura jarri ditu udalak.
euskaraldiaren harira adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak.Izaro Perez Loperena Xenpelar bertso Eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki du Errenteriako udalak, gaur goizean, Orereta eta Oiartzungo mugimendu feministek eta Bertsozale Elkarteak bertan ari zen irakasle batek egin dituen erasoak argitara atera ondoren. Erabat gaitzetsi ditu gertatu diren erasoak eta salatutakoek, larritasun berezia dutela gaineratu du, “udal zerbitzu baten baitan gertatu direlako, adin txikikoak tartean zirela eta denboran errepikatuak izan direlako”.
Osagai horiek guztiek “bereziki larria” egiten dutela gertatutakoa adierazi du udalak, eta elkartasun osoa adierazi die eraso horien biktima izan diren neska eta emakume gazteei, baita euren guraso eta familiei ere, eta haien eskura jarri ditu udal baliabide guztiak gertatu denari aurre egiteko tresnak izan ditzaten”. Gertatutakoa atzo jakinarazi zien udalak Bertso Eskolako gurasoei baita eskolaren jarduera eteteko erabakia ere, presaz deitutako bilera batean.
Datu gehiago eman ditu udalak. Hala, berriki jakin duela iraganean irakasle eta orain Xenpelar Bertso Eskolako kide aktibo izan den pertsona batek ikasle batzuekiko jokabide desegokiak izan dituela esan du, eta kasu batzuetan, modu jarraituan jazarri eta eraso dituela ikasle horiek: “Guzti honen berri, orain izan du udalak, hainbat sexu eraso eta jazarpen psikologikoaren salaketak jarri zaizkionean. Izan ere, orain salatu den pertsonari horri berari 2018an indarkeria matxistagatiko salaketa jarri baitzitzaion Bertsozale Elkartean”. Bertsozale Elkarteak Mugimendu Feministarekin batera zabaldu duen oharrean azaldutakoari erreferentzia eginez, orduan bertsolaritza mundutik desagertzea zekarten neurriak adostu zituen elkarteak, “baina orain jakin da konpromiso horiek bete ez, eta dinamika hori errepikatu da, bertso irakasle posiziotik botere harremana desegoki erabili, manipulatu eta kasu batzuetan jazarri eta eraso egin du”.
Erasotzaileak ez ditu konpromisoak bete, baina udalak ere, nabarmen jarri du, gutxienez bertso eskolako zuzendaritzako kide baten babesa izan duela: “Udalak jakin du Bertsozale Elkarteak bere garaian erasotzailearekin izandako elkarrizketaren eta hark¡ hartutako konpromisoen berri eman ziola Xenpelar Bertso Eskolako zuzendaritzako kide bati, zuzendaritzak ere behar ziren neurriak har zitzan. Horrek agerian uzten du egoeraren berri zuen zuzendaritzako kide horren babesa gutxienez izan duela, bere Bertso Eskolari lotutako jarduera garatu ahal izateko”.
Onartezintzat eman du jarrera hori udalak, eta irmo gaitzetsi; horrela jokatuta erasotzailea babestu eta biktimak edo biktima izan zitezkeenak babesgabe utzi.
Maiatzean salaketaren berri
Hilabete honetan bertan izan du salaketaren berri udalak, eta ezagutu bezain pronto Xenpelar Bertso Eskolaren zuzendaritzari eskatu ziola erasotzailea jarduera formal zein informal guztietatik apartatzeko gaineratu du: “Orain , erasotzaileak babesa izan duela ezagututa bertso eskolaren jarduera osoki bertan behera uztea erabaki du udalak, bertako ikasleen eta familien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko ezinbesteko neurri gisa”. Udalak ez du baztertu gainera, bestelako neurriak hartzea.
Bestalde, larunbaterako, hilak 30, Oreretako Mugimendu Feministak, Oiartzungo Feministen Asanbladak, eta Bertsozale Elkarteak modu bateratuan deitu duten elkarretaratzearekin bat egitera deitu du udalak. 12:30ean izango da Foru plazan.
