Aho batez onartu dituzte maiatzeko osoko bilkurako bi mozioak
Baxoa azterketak euskaraz pasatzearen aldeko sostengu mozioa zen bata. Bestea, foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren gainekoa.
Asteazkenean egin zuten maiatzeko osoko bilkura. Orotara hamalau gai jorratu zituzten bileran, eta tartean bi mozio zeuden. Lehena Baxoa azterketak euskaraz pasatzearen aldeko sostengu mozioa zen eta, besta, berriz, foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren gainekoa. Bi mozioak aho batez onartu dituztela jakinarazi dute berriki.
Lehen mozioari dagokionean, Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko dute eskubidearen aldeko sostengu mozioa izan zen, eta jakinarazi dute Frantziako hezkuntza ministroari galdegin zaiola luzapenik gabe onartzeko ikasle horiek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea.
Bigarren mozioari dagokionean, berriz, bi efemerideri egin zitzaien erreferentzia: Foruen abolizioaren 150. urteurrenari eta Bergaran elkartu ziren Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenari.
“Bi gertakariek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera. Bi efemeride horiei dagokien aitortza historiko, politiko eta instituzionala egiteaz gain, Oiartzungo Udalak aldarrikatu du Euskal Herriaren burujabetza osoan urratsak emateko unea dela, eta horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak aitortu behar direla eta autogobernua eguneratzeko beharra dagoela”, diote udaletik.
Azkenik, Oiartzungo Udalak bat egin du Gipuzkoako diputatu nagusiak (EAJ) eta Bergarako alkateak (EH Bildu) elkarrekin deitu duten ekitaldi politiko instituzionalarekin. Ekitaldi hori uztailaren 19an izango da, Bergaran.
