Antxoko lurpeko geltoki berria, bisitagarri hilaren 15etik 18ra
Geltokia uztailaren 18an irekiko bada ere, herritarrek geltoki berria bisitatu ahal izango dute datozen egunetan. Geltokia ezagutzeko, izena eman behar da hilaren 8a baino lehen.
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak maiatzaren 13an iragarri zuen topoaren Altza-Galtzaraborda tartea uztailaren 18an irekiko dela. Geltokia uztailean zabalduko bada ere, herritarrek Antxoko lurpeko geltoki berria bisitatu ahal izango dute hilaren 15etik 18ra bitartean, arratsaldeko ordutegian.
Geltoki berria ezagutzeko, interesdunek ekainaren 8ra bitartean izango dute izena emateko aukera. Izena hiru modutara eman ahal izango da: aurrez aurre Euskal Trenbide Sarearen Topogunean, Donostiako Amarako geltokiaren atarian, 08:00etatik 15:00etara; helbide elektroniko bidez; edo 680 56 42 04 telefonora deituta.
Izen emateak egitean, honako datuak eman beharko dituzte interesdunek: izen-abizenak, adina, bizilekua eta harremanetarako telefono zenbakia edota helbide elektronikoa. Bisitak, aurrez aipatu bezala, hilaren 15etik 18ra bitartean izango dira, arratsaldez. Egunero hiru bisita egingo dira, eta bisitarien kopurua mugatua izango da. Geltoki berrian sartzeko, eskailera finkoak erabiliko dira. Izena emateko epea itxi ondoren, taldeak antolatuko dira, eta arreta bulegoa izena eman duten pertsona guztiekin harremanetan jarriko da, bisitaren eguna eta ordua adierazteko.
Susana Garcia sailburuak jakinarazi du azken bi urteetan elkarte eta merkatariekin bildu direla, eta orain herritar guztiei irekiko dizkiete geltoki berriko ateak: “Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea abian jarri aurreko asteetan gaude eta egindako lanaren emaitza erakutsi nahi diegu herritarrei. Bere egunerokoa obra honek nola aldatuko duen azaldu nahi diegu, ez soilik tren zerbitzuari dagokionez, baita Antxoko fisionomiari dagokionez ere, azpiegitura berri honi esker Antxo bitan banatzen duen biaduktua eraitsiko dugulako”.
Lurpeko geltoki berria Antxoko Gure Zumardiaren azpian dago, eta Altzako eta Galtzarabordako geltokien arteko lurpeko saihesbidearen parte da. Saihesbide horren eraikuntza ekainean bukatuko du Euskal Trenbide Sareak, eta Euskotrenek geltokia ireki aurreko probak egingo ditu. Geltokiak bi nasak lotzen dituen mezzanine edo lurpeko atondo bat du. Antxoko geltokitik igarotzen den linearen trazadura Molinao errekastoa eta inguruko eraikinak kontuan hartuta zehaztu dela jakinarazi dute sustatzaileek.
Altzako eta Galtzarabordako geltokien arteko saihesbidea abian jartzean, 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dira Amaratik Antxora bitarteko geltoki guztietan. Maiztasun hori, orain arte, soilik Herreraraino eskaintzen zen, eta 15 minutu itxaron behar ziren Altzan eta Antxon.
