90.000 pertsona bildu ditu Pasaia Itsas Festibalak
Antolakuntzak jaialdiaren laugarren ekitaldiaren balorazio "positiboa" egin du, "aurreikusitako itxaropenak" bete direlako.
Duela hilabete inguru egin zen Pasaia Itsas Festibalaren laugarren ekitaldia, Pasaiako badian. Eguraldia lehen egunetan onena izan ez arren, antolakuntzak itsas kultura ardatz duen jaialdiaren balorazio “positiboa” egin du, “aurreikusitako itxaropenak” bete direlako. Horrez gain, Pasaian izan diren bisitariek, eskifaiek eta eragile soziokulturalek adierazitako gogobetetze maila ere “oso positiboa” izan dela jakinarazi dute sustatzaileek.
Aurtengo jaialdiak bi izen propio izan ditu: San Juan baleontzia eta Kanada. Horiek izan dira laugarren edizioko ohorezko gonbidatuak, ikur nagusiak, eta antolakuntzak horiek nabarmendu ditu bereziki: “Biek duten balio sinboliko eta historikoagatik, eta baleontziak Pasaia eta Ternuaren artean irudikatzen duen lotura estuagatik”.
Xabier Agote festibalaren zuzendariak Kanadako ordezkaritzaren inplikazioa eta Parks Canadaren eta gainontzeko kultura eta itsas erakundeen lankidetza eskertu ditu: “Aurtengo Pasaia Itsas Festibala itsas ondarearen ordezkaritza bikaina bildu eta urtero festibalaren balioak bere egiten dituzten milaka lagunekin ospatu izanaren pozez bukatu dugu. Beste behin ere, Pasaiak harrotasunez ospatu ditu bere iraganaren aberastasuna eta orainaren indarra”.
Zuzendariaren ildotik, Teo Alberro Pasaiako alkate eta festibaleko presidenteak jaialdian parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiek erakutsi duten erantzuteko gaitasuna nabarmendu ditu: “Aurtengo edizioa oso egoera zailean hasi dugu, eta, hala ere, komunitatearen erantzuna apartekoa izan da. Bereziki eskertu nahi dut boluntarioek, eskifaiek, udal zerbitzuek, elkarteek eta festibala normaltasunez egin ahal izateko egindako lana. Beste behin ere erakutsi dute Pasaian antolatzeko eta konpromisoa hartzeko gaitasun handia dagoela”.
Kanadako ordezkaritzak ere festibalaren inguruko balorazioa egin du, Philip Earle Labradorreko diputatuaren hitzetan. Earlek Pasaian bizitakoa eta azken hilabeteetako lankidetza izan ditu hizpide: “Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak Kanadara egin berri duen bisitak gure herrien arteko harreman iraunkorra berretsi du, Ipar Atlantikoaren historia partekatuaren bidez bost mende baino gehiagoko ibilbidea duten lotura historikoak indartuz. Bisitaldiak kultura, turismo eta enpresa loturak indartzeko aukera paregabea eskaini du, Labrador, Kanada eta Euskal Herriaren arteko lankidetza bide berriak sortuz. Lotura historiko horiek berrituz eta etorkizuneko lankidetza aukerak aztertuz, ordezkaritzak hurrengo urteetarako turismoaren, garapen ekonomikoaren eta elkarrekiko oparotasunaren hazkundea sustatzeko oinarriak ezartzen lagundu du”.
Antolakuntzak, gainera, festibalean inplikatutako komunitate osoak erakutsitako erantzuteko gaitasuna goratu du. Jaialdia baldintza meteorologiko oso txarrekin hasi zen, eta eguraldiak programazioaren hainbat alderdi baldintzatu zituen. Hala ere, lantaldearen, boluntarioen, eskifaien eta eragile laguntzaileen “ahalegin bateratuari esker”, aurreikusitako jarduerei heldu eta horiek “arrakastaz” egin zirela jakinarazi du antolakuntzak. “Horrela, aurtengo edizioa erresilientziaren eta egokitzeko gaitasunaren adibide garbi bihurtu da”.
Datuak
Aurrez aipatu bezala, antolakuntzaren balantzea “oso positiboa” izan da, parte hartze eta bisitari kopuruari eta bertaratu den publikoaren aniztasun handiari dagokionez. Aurreko ekitaldietan egin bezala, laster partekatuko dira Oarsoaldea Garapen Agentzia egiten ari den inpaktu ekonomikoaren azterketaren datuak.
Orotara, 140 itsasontzik eman zuten izena laugarren edizioan, baina horietatik 100 izan ziren Pasaiako badian. Horrek hasierako aurreikuspenetan %28,6ko beherakada ekarri du, batez ere iragarritako eguraldi eta nabigazio baldintza txarrek bultzatuta. Hala ere, 600 tripulatzaile inguru bildu dira Pasaian.
Antolaketa lanetan, tripulazioen arretan, logistikan, jardueren koordinazioan eta uretako ekintzetan 110 boluntario aritu dira. Gehienak gipuzkoarrak izan dira, baina badira Euskal Herritik, penintsulatik edota atzerritik etorritakoak ere.
Publikoaren erantzuna ere “oso ona” izan dela adierazi du antolakuntzak. Eguraldia onena izan ez arren, 90.000 pertsona inguru izan dira Pasaian maiatzaren 14tik 17ra bitartean. Antolakuntzaren arabera, baldintza meteorologikoak “faktore erabakigarriak” dira ia osorik aire zabalean egiten den nabigazioarekin eta uretako jarduerekin estuki lotuta dagoen ekitaldi baterako. “Testuinguru horretan, erregistratutako bisitari kopuruak balio berezia hartzen du, eta agerian uzten du publikoak festibalarekiko duen interesa eta konpromisoa”.
Sustatzaileek, bereziki, asteburuko “erantzun bikaina” balioan jarri dute. Festibalaren azken bi egunetan eguraldiak hobera egin zuen, eta milaka pertsonek badian zehar ibiltzeko eta jarduerez gozatzeko aukera izan zuten.
Inkestak
Aurrez aurre zein online egindako inkesten lehen emaitzak “oso positiboak” izan direla jakinarazi du eskualdeko garapen agentziak. Parte hartzaileek festibala bera eta publiko berriak erakartzeko gaitasuna goratu dituzte. Pertsona bakoitzaren eguneko batez besteko gastua 26,23 eurokoa izan da, duela bi urtekoa baino 2,12 euro gehiago. Bisitarien %41a lehen aldiz izan da festibalean, eta %45ak jardunaldi batean baino gehiagotan hartu du parte, batez beste 1,85 eguneko egonaldiarekin.
Bisitarien %60a gipuzkoarrak izan dira, baina Frantziatik, Irlandatik edota Estatu Batuetatik etorritakoak ere zenbatu dira. Horrez gain, garraio publikoaren erabilera goraipatu du Oarsoaldeak, bertaratutakoen %53ak erabili baitu. %20ak, aldiz, ibilgailu pribatuaren hautua egin du. Balorazioei dagokienez, %97ak Pasaia Itsas Festibala gomendatuko luke, %84ak hurrengo edizioan berriz itzultzea aurreikusten du eta %91k urteko beste momentu batean Pasaia berriro bisitatuko lukeela esan du.
Festibala, gainera, hainbat proiektu eta erakunde sozialen sentsibilizazio eta zabalkunde lanerako plataforma ere izan dela jakinarazi du antolakuntzak, besteak beste, Zaporeak, Itsas Salbamendu Humanitarioa-Aita Mari, AZTI, Asgicer Gipuzkoa eta Goyeneche-Garagune Pasaia Fundazioa.Inguruko hezkuntza eta gizarte zentroek ere aktiboki hartu dute parte programazioan: Pasaiako Adinekoen Udal Egoitzak, Pasaia-Lezo Lizeoa, La Anunciata, Lezo Herri Eskola, Karmengo Ama Herri Eskola eta Herri Ametsa Ikastola.
Pasaiako gizarte, kultura eta itsas sarearen inplikazioa ere zabala izan dela zehaztu du antolakuntzak: Pasaiako Portu Agintaritza, Itsas Kapitaintza, Pasaiako Praktikoak, Mater, CIFP Blas de Lezo, Illunbe Musika Elkartea, Pasaiako Batelerak, Pasaiako Sastakai Txaranga, Alkar-Txiki Euskal Dantza Taldea, Pasai Donibaneko Kantujira, Muxikoak, Ziaboga, Arando Txiki Abesbatza, Pasaiako Erraldoiak, Trintxerpeko Itsas Danborrada, Izkiro, Torreatze Elkartea, Koxtape, San Pedro, Illunbe, Yola Kirol Elkartea, Buceo Donosti eta Pasaiako Lonja.
