Eskola Agenda 2030 programaren baitan egindako jarduna aurkeztu dute
Elizaldeko eta Haurtzaroko talde berdeetako ikasleek ikasturtean zehar egindako lana aurkeztu diete udal ordezkarien.
2025-26 ikasturteari amaiera emateko Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetako talde berdeetako ikasleek kurtsoan zehar uraren gainean egindako lana aurkeztu diete udal ordezkariei, udaletxeko areto nagusian.
Aurten ere 6. Garapen Jasangarriko Helburuan sakontzen jarraitu dute ikasleek. Zehazki, pasa den kurtsoan egindako diagnostikotik eratorritako ondorio eta hobekuntzetatik abiatuta, aurten esku hartze plana garatu dute, eta horixe aurkeztu diete udal ordezkariei.
Gainera, kalera atera dira ikasleak, eta Oiartzun ibaia zainduz egitasmoarekin ibaia garbitu dute auzolanean. Jarduera horren helburu nagusia gazteen parte hartze aktiboa bultzatzea izan da, “jasangarritasunerako trantsizioan urrats eraginkorrak emanez herri mailan”.
Azkenik, diote Eskola Agenda 2030 programak Oiartzungo hezkuntza komunitatea eta udalaren arteko lankidetza indartu nahi dituela ingurumen eta jasangarritasun gaietan, eta “gazteak herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko eragile gisa kokatzen ditu”.
