Kaleko liburutegia jarri dute Arraguan
Etxola formako apalategi urdin bat da, eta haur zein helduentzako liburuekin hornituko dute. Auzoko haur parkearen alboan dago liburutegia.
Oiartzungo lehenengo kaleko liburutegia jarri dute Oiartzunen “Manuel Lekuona udal biblioteka herritarrek are eskurago izateko eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuz”. Arraguan jarri dute etxola formako apalategi urdina, eta haur zein helduentzako liburuekin osatu dute.
Zehazki, auzoko haur parkearen alboan dago liburutegia. Garazi Urdampilleta Astibia, alkateordea: “Batetik, lekua bera irakurtzeko zein liburuez gozatzeko aproposa dela iruditzen zaigu. Bestetik, topoaren geltokitik gertu egonik eta Errenteria alderako bidean joan etorriko lekua ere bera badenez, liburua hartu eta uzteko puntu erosoa delakoan gaude”.
Kontatu dutenez, kaleko liburutegia mantentzeaz eta liburuz hornitzeaz Manuel Lekuona udal biblioteka arduratuko da, eta liburutegiko bertako liburuak hartu eta uzteko lekua izango dela zehaztu dute, ez etxekoak bertara eraman edota trukean aleren bat norberarentzako hartzekoa. “Oiartzungo kaleko liburutegiak ez du trukeko funtzionamendua izango, beste udalerri batzuetan bezala”.
