Lezo Institutuak Agenda 2030 programarekin egindako lana aurkeztu du
Ikasleak Mikel Arruti alkatearekin eta Ingurumen teknikariarekin elkartu dira, eta Agenda 2030 lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Lezo Institutuak Agenda 2030 programan hartu du parte, eta Garapen Jasangarriko Helburuak landu dituzte ikasturtean zehar. Bada, kurtso amaiera heltzear den honetan, egindako lana aurkeztu eta herriko zenbait eremutarako aldaketa proposamenak egin dizkiete Mikel Arruti Lezoko alkateari zein ingurumen teknikariari.
Ikasturtean zehar Altamira parkeko zuhaitzak identifikatu dituzte Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Bakeola fundazioarekin batera, eta, horretaz gain, Altabira egunaren balorazioa ere egin dute “Lezo Institutua herrira gerturatu eta ikasleen lanak lezoarrei erakusteko modu eraginkor eta polita dela adieraziz”.
Era berean, herriko zenbait gune aztertu eta hobekuntzak egiteko proposamenak landu dituzte; hala nola, parke, berdegune eta beste espazio batzuen erabilera, zaintza, irisgarritasuna edota segurtasuna hobetzeko proposamenak eraman dituzte hitzordura.
Aurkezpenaren ondotik, hurrengo ikasturtean ere Eskolako Agenda 2030n lantzeko eta Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute udalak zein ikastetxeak.

