Eskulturek biziraun dezaten
Pagoartek 'Euskal eskultura bizirik' dokumentala aurkeztu du berriki. Lanaren oinarrian herrian ondutako bi erakusketa daude.
Pagoarte elkartearen ekimenez, iaz, bi eskultura erakusketa antolatu zituzten Oiartzunen. Formatu ezberdinekoak ziren biak, baina arrakasta izan zuten biek, zientoka herritarren bisitak jaso baitzituzten sorkuntza lanek.
Erakusketetako bat San Juan kaperan jarri zuten Jeronimo Larrearen erretaularekin batera. Era berean, baina, herriko eskulturen lanak eta Anton Mendizabalen Akorde eskultura sonoroa ere ikusgai izan ziren.
Bigarren erakusketa, berriz, Arizmendieneako lorategian garatu zuten, eta bertan Euskal Herriko zortzi eskultoreren lanak jarri zituzten. Gainera, gazteekin tailerrak egin eta behin behineko eskulturak egin zituzten, baita bisita gidatuak ere.
Pagoartetik nabarmendu dute eskultoreen zein ikusleen parte hartzea “handia” izan zela, eta beraz, gustura geratu direla egindako lanarekin.
Eskulturen erakusketen esperientzia, baina, betikotu egin nahi dute eskultura zaleek gozatzeko aukera izan dezaten, eta berriki Euskal Eskultura Bizirik dokumentala aurkeztu dute.
Ikus entzunezko lan horretan Euskal Herriko eskultoreak, herriko haur eta gazteak edota bisita gidatuen pasarte ezberdinak biltzen dira irudi eta azalpenez jantzita. Lanaren egilea Gexan Mendizabal da, eta ekoizpenaz Pagoarte arduratu da.
Hona hemen dokumentaleko zenbait irudi:

