Menpekotasunak kezkatzen dituelako, Hazi, Hezi, Bizi
Igandean egingo dute egitasmoaren aurkezpena, Oiartzungo plazan. 11:00etan hasita, egitaraua antolatu dute.
Gizarteko zenbait gauzek adikzioa sortzen dutela ikusita eta, kasu batzuk heltzen diren puntuak larrituta, Hazi, Hezi, Bizi taldea sortu dute Oiartzunen. Gainera, adin txikikoen zaintzarako protokolo bat sortu dute oraintsu. Egitasmo berria da abiatu dutena, eta igandean (hilak 21) egingo dute haren aurkezpena, Oiartzungo plazan. Deialdi irekia da, eta Hazi, Hezi Bizitik alkohola, beste drogak, ludopatia edota, jarrera desegokiak bezalakoak arduratzen edota kezkatzen dituen herritar oro gonbidatu dute hitzordura.
Goiz osoan zehar panel informatiboak, bonsai erakusketa, haur txokoa, eraikuntzak, aurpegi margoketa, txapak edota ipuin txokoa izango dira herritarren eskura, baina egitaraua ere argitaratu dute (eguraldi txarra eginez gero jarduerak Elizaldeko frontoian izango dira):
- 11:00. Egitasmoaren aurkezpena.
- Ondoren, bertsolariak:
- Egiar Otegi Torres eta Kattalin Arabolaza Palomo.
- Pilota partidak Oiarpe eta Mindararen eskutik.
- 12:30. Zer da Hazi, Hezi, Bizi?
- 12:40. Hamaiketakoa.
- 12:45. Sartu gola menpekotasunei OKEren eskutik.
- 13:00. Abeslariak:
- June Galardi.
- El Matxukambo 24/7.
- Lur eta Endika.
- Mala Ruina.
- 13:45. Bukaerako hitzak eta eskertza.
Haur, nerabe eta gazteak zaintzeko konpromisoa
Hazi, Hezi, Bizi taldearen proposamena onartu duten eragile edota taldeek hiru oinarrizko konpromiso onartu dituzte:
- Kontziente gara helduak, bereziki irakasle, entrenatzaile, hezitzaile eta begiraleak erreferente garela haur, nerabe eta gazteentzat eta era kontsekuentean eta arduraz jokatuko dugu.
- Ikastetxeari, elkarteari edo klubari lotutako pertsona helduek (familiek, irakasleek, entrenatzaileek, hezitzaileek, begiraleek eta zuzendaritzak) parte hartzen duten haur, nerabe eta gazteek erabiltzen dituzten espazio eta inguruak nolakoak diren aztertu eta horien inguruan hausnartuko dugu, hobetzeko eta osasungarriago bihurtzeko.
- Kontsumo eta menpekotasun arloan haur, nerabe eta gazteei emango diegun laguntza prozesua epairik gabea izango da, eta ez ditugu ekintza indibidualak kriminalizatuko edo ez diegu horiengatik errudun sentiaraziko.
Horiek dira bat egin duten eragileek derrigor bete beharreko baldintzak, baina beste zenbait konpromisoren artean gutxienez beste hiru ere jorratu beharko dituzte:
- Gure eguneroko jardueretan, saioetan, ikuskizunetan, entrenamenduetan eta partidetan pantailen erabilera saihestuko da.
- Gure instalazioak eta gure eguneroko jarduerak, saioak, ikuskizunak, entrenamenduak eta partidak kerik gabeko espazioak izango dira.
- Gure instalazioak eta gure eguneroko jardueretan, saioetan, ikuskizunetan, entrenamenduetan eta partidetan ezin izango dira edari alkoholdunak saldu edota kontsumitu.
- Antolatzen ditugun jai eta ospakizunetan, saihestu egingo dugu mugikorrak erabiltzea, edari alkoholdunak zerbitzatzea eta haur, nerabe edo gazteen aurrean erretzea.
- Jarrera aktiboa izango dugu pertsonak diskriminatu eta iseka egiten dieten komentarioen aurrean, komentarioaren izaera edozein dela ere: itxura fisikoa, pisua, arrazismoa, matxismoa, LGTBIQ+fobia…
- Alerta egoeran egongo gara haur, nerabe eta gazteen osasunari eta ongizateari eragin diezaieketen egoeren aurrean, eta horrelakorik gertatzen bada laguntza eman eta arazoari helduko diogu, hala badagokio familia, klubeko edo elkarteko kideak, ikastetxea, udala, osasun zentroa…rekin batera.
- Konpromiso hauek zabalduko ditugu komunitateak ezagutu ditzan:
- Parte hartzaileak, jokalariak…
- Irakasleak, entrenatzaileak, begiraleak edo hezitzaileak.
- Ikastetxeko, elkarteko edo klubeko zuzendaritza.
- Familiak.
- Kartelak.
- Sare sozialak.
Bat egin duten eragileak
Dixidu, Abaraxka, 1545 argitaletxea, Elizalde eskola, Elizaldetarrak judo elkartea, Elorsoro Udal kiroldegia, Harribeltza HIESaren aurkako elkartea, Hiruki, Agipad, Oiarpe, Oiartzungo Eskola Kirola, Oiartzungo Antzerkizaleak, Mindara, Haurtzaro Ikastola, Kataxulo, Oiartzungo Udala, Oiartzungo Feministen Asanblada, Oiartzun Irratia, Oiartzun Kirol Elkartea, Orgasmo, Ttur-ttur, Urmendi haur eskola, C.D. Natación Bidasoa eta Arraztalo.
