Zalantzak suntsitu ditu 'Libia'-k
Larunbateko estropadan bosgarren, eta atzokoan laugarren izan zen San Pedro. Konfiantza hartzeko asteburua izan da haientzat.
'Libia' trainerua, atzoko lehian.Sanpedrotarra Arraun Elkartea Baten baten zalantzak izan zitzakeen ea San Pedrok zer maila azalduko zuen KAE1eko lehen estropadetan. Izan ere, iazko tripulazioarekin alderatuta, ia erabat eraberritu behar izan du arraunlarien plantilla San Pedrok. Bada, larunbatean Astilleron bosgarren, eta atzo etxean laugarren izan ondoren, Libia-ren etorkizuna ilun ikusten zutenek ezkor izateko argudioak sutara bota beharko dituzte biharko San Joan bezperako ospakizunetan. Zalantzak suntsitu ditu Libia-k.
Asteburuko bi estropadak eskifaia oso gaztearekin egin dituzte moreek. Adibidez, Gazte Mailako arraunlariekin osatu dute hamahirukoa. Patxi Frances entrenatzaileak sasoiak zer eman dezakeen azaldu zion HITZAri joan den astean. Adierazi zuen “ia zerotik” sortutako taldea dutela. Bada, asteburuan azaldutako maila ikusita, zerotik askoz goragoko taldea du San Pedrok.
Asteburuan garbi gelditu dena da jaitsierako postuetatik urrun izango direla moreak. Orain, Libia berriaren topea non dagoen jakitea falta da. Atzo, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako Adinberri bandera bukatuta, Iñaki Bereau lemazainak ez zuen baztertu banderaren baten borrokan estu aritzea. Izan daiteke, baina joan daitezela mantso baina irmo sanpedrotarrak. Estropada bakoitzean dena ematen, hurrengoan gehiago eman ahal izateko.
Larunbatean bosgarren izan zen San Pedro KAE1eko lehen estropadan, Astilleron. Zarautz, Zumaia, Deusto eta Astillero izan zituen aurretik. Atzo, berriz, Deusto, Zarautz eta Zumaia bakarrik; Astillero denboran gainditu zuten moreek estropada oso exijentean, baina kantabriarrei ezarritako zigorragatik —kale okerretik bukatu zuten estropada–, puntuetan alde handiagoa atera zieten haiei. Horrek ekarri du San Pedro datorren asteburuko estropadan —hilaren 17an, Plentzian— ohorezko txandan aterako dela. Lehenengoz lineako lauko estropada batean izango dira moreak.
Gaurko 19:00etan aurkeztuko dute Lonjan Sentimendu baten garaipenak. Pasai San Pedroko arraunaren historia eta ondarea 1854-2020 liburua. San Pedroko arraunaren izana eta historia jasota dago hor beste eduki askoren artean. Bada, egungo arraunlari gazte-gazteek jarraipena izaten badute, joan daitezela pentsatzen Sanpedrotarra Arraun Elkartean Sorginarri bildumako argitalpen horri orrialde gehiago eranstea.
Esteka honetan, asteburu honetan emaitzen eta sailkapenen berri izateko aukera.
