Erasoen aurkako prebentzio eta arreta dispositiboa aurkeztu du udalak
Pasaiako jaiak ate joka dira, eta udalak 24 orduko telefono zerbitzua, prestakuntza saioak, kartelak eta informazio baliabideak jarriko ditu lau barrutietan.
Pasaiako jaien hasiera ekitaldia iragan larunbatean egin ondoren, ate joka dira lau barrutietako festak. Pasaiako Udalak berriro berretsi du “jai gune seguru, parekide eta inklusiboen aldeko konpromisoa” duela, Eraso sexistarik eta LGTBIQ+fobikorik ez! lelopean antolatutako prebentzio, sentsibilizazio eta arreta neurrien bidez.
Teo Alberro alkateak, Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako eta Berdintasuneko zinegotziak, Jaione Gomez Berdintasuneko teknikariak, Lierni Aranbarri udaltzainak eta Alazne Mendikute Jaietako teknikariak azaldu dituzte jaietarako aurreikusitako baliabideak eta programak.
“Gure jaietan askatasunez eta errespetuz gozatzea ez da soilik desio bat, baizik eta pertsona guztien eskubidea. Eta hori bermatzeko, Pasaiako Udalak, beste urte batez, jaietako gizarte eragileekin elkarlanean lan egin du jai gune inklusibo, parekide eta askotarikoak sortzeko baldintzak bermatzeko”, adierazi du Alberrok.
24 orduko telefonoa
Barruti guztietako jaietan 24 orduko telefono zerbitzua eskainiko da egun garrantzitsuenetan edo mugimendu handieneko egunetan. Hauxe da arretarako udal telefonoa: 747 48 54 45.
Telefono horri eta beste baliabide batzuei buruzko informazioa barrutiko etxe guztietako postontzietan banatu den txartel batean jaso du udalak. Horrez gain, aurreko urteetan sortutako zigilua mantendu da, Jaietan libre izena duena, “indarkeriarik gabeko jai parekideen aldeko konpromisoa adierazteko”.
Hauexek dira telefonoaren ordutegiak:
- San Pedro: Hilaren 26an, 27an eta 28an, 20:00etatik 20:00etara.
- Antxo: Uztailaren 3an, 4an eta 6an, 20:00etatik 20:00etara.
- Trintxerpe: Uztailaren 15ean, 17an eta 18an, 20:00etatik 20:00etara.
- Donibane: Uztailaren 24an, 25ean eta 31n, 20:00etatik 20:00etara.
Prestakuntza ekintzei dagokienez, dokumentu bat sortu dute prebentzio eta arreta irizpide orokorrekin, eta lau barrutietako jai batzordeekin partekatu da. Horrez gain, hilaren 9an tailer teoriko-praktiko bat egin zen herriko eragileekin jaietan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko gakoetan oinarrituta.
Aldi berean, olana, kartel eta identifikazio elementuak diseinatu dituzte, pasaitar gehien biltzen diren leku estrategikoetan telefonoa ikusgai egon dadin. Kartela Izaro Mariezkurrena artista pasaitarrak sortu du.
Herrian topatu daitezkeen kartel horiek QR kode bat dute, data horietarako bereziki sortutako webgune batera bideratzen duena. Bertan informazio praktikoa eta laguntza baliabideak kontsultatu ahal izango dira.
Gazteen joan-etorri handieneko guneetan eta txosnetan kartelak eta arreta emateko telefonoa jarriko dira. Horrez gain, “sexualitatearen bizipen osasuntsua, baimendua eta indarkeriarik gabea sustatze aldera”, preserbatiboak banatuko dira txosnetan, Gehitu Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen euskal elkartearekin lankidetzan.
