Odol morea dutenen liburua
Atzo aurkeztu zuten 'Sentimendu baten garaipenak. Pasai San Pedroko arraunaren historia eta ondarea 1854-2020' liburua. Emozioz betetako ekitaldia izan zen.
Alberro, Murua, Baztarrika, Urdanbide, Cano eta Iñurrategi atzoko aurkezpenean. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak Arraunlari kalean duen egoitzan 271 bandera dituzte. Arraunean irabazitako banderak dira horiek guztiak, 1854tik. Trapu bakoitza irabaztearekin batera asebetetze, poztasun, eta ospakizun aroa zabaldu zen. Efimeroak izan ziren une goren horiek, ordea. Bandera irabazi eta gutxira beste estropada bat jokoan izan zelako, eta gero beste bat, eta beste bat, eta beste urte bat, beste sasoi bat… Banderen irabazte horren uneko alaitasunetik askoz harago doan zerbait bildu zen atzo San Pedroko Lonjan: sentimendua. Banderak irabaztea ondo dagoelako, baina ziurrenik, sentimendu hori garaipenak ez daudenean more izaten jarraitzeko ufada negoziaezina baita. Atzo, sentimendu, herri nortasun, izaera berezi, eta konpromiso hori guztia bildu zen barrutiko eraikinean. Odol morea dutenen liburua aurkeztu zen: Sentimendu baten garaipenak. Pasai San Pedroko arraunaren historia eta ondarea 1954-2020.
Aurretik atzeraino bete zen atzokoan Lonjako aretoa. Lehenago, txarangak sanpedrotarrak hara bideratu zituen, garaipen kutsuko piezekin. Aurkezpena egin zutenen mahian izan ziren Imanol Urdanbide eta Sebas Cano egileak, Xabier Baztarrika koordinatzailea —hurbil izan zen, diapositiben kudeaketan, Begoña Olaskoaga beste koordinatzailea—, Teo Alberro alkatea, Miren Murua San Pedroko alkateordea, eta Alberto Iñurrategi Sanpedrotarra Arraun Elkarteko egungo lehendakaria; publiko artean lehendakari izandakoak ere bazeuden, arraunlari izandakoak, zuzendaritza batozrdeetan ekarpena egindakoak, sanpedrotarrak… Denak odol kolore berekoak. Morea.
“Liburua San Pedroko historiaren zati bat da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den lekukotasunarena. Arrauna, gure herriaren nortasunaren parte da, kirol bat baino askoz gehiago. Gure badiari, gure barrutiei, gure jendeari lotutako bizimodu bat da. Balio batzuen eta komunitate sentimendua da arrauna”, esan zuen alkateak arratsaldeko lehen hizketaldian. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet lan hau posible egin duzuen guztiei, bereziki Imanol Urdanbideri eta Sebas Canori egindako ikerketa eta dokumentazio lanagatik. Xabier Baztarrikari koordinazioagatik, eta beste kolaboratzaileei ere: Begoña Olaskoagari, Agustin Osari, Jose Ignacio Elortegiri, Eugenio Urdanbideri, eta Xabier Isasari”. Aitortza berezia, ordea, Sanpedrotarra Arraun Elkartea osatzen duen komunitateari egin zien Alberrok: “Arraunlariek, zuzendaritzetako kideek, familiek eta urte hauetan guztietan argazkiak, dokumentuak, oroitzapenak eta testigantzak partekatu dituzten herritar guztiei. Liburu hau komunitate oso baten elkarlanaren emaitza da”.
Miren Muruak, bestalde, atzokoa sanpedrotarrentzat oso egun berezia zela azaldu zuen. “Aurkezten ari garen liburuak gure herriaren historiaren oso zati garrantzitsu bat jasotzen du, arraunarena”. Arrauna ez da kirol jarduera hutsa San Pedron, “gure kaleetan, familietan eta oroitzapenetan bizi den sentimendua da”, Muruak. Sanpedrotarrek garaipenak ospatu eta zailtasunak partekatu dituztela azaldu zuen alkateordeak, eta lanak herri baten ahalegina eta izaera jasotzen dituela nabarmendu zuen, “eta batez ere, etorkizuneko belaunaldiek nondik gatozen jakiteko aukera emango du”. Eskerrak eman zizkien zinegotziak proiektuan parte hartu duten den-denei, bereziki, euren oroitzapen, sentimendu eta gai materialak partekatu dituzten sanpedrotar guztiei.
Xehetasunak
Alberto Iñurrategi arraun elkartearen presidentearen arabera, atzoko aurkezpena ez zen zerbaiten bukaera izan, “azken batean, guztion eskura den altxor baten kutxa ireki besterik ez dugu egin. Gure historia bizia, gure arraunlarien izerdia, eta bereziki gure harrotasun morea biltzen dituen altxorraren kutxa”. 1854tik 2020ra arteko epean, hainbat arotan zatitutako historia dago jasota liburuan: “Liburua ez da garaipenen edo izen propioen zerrenda huts bat. Herri baten nortasunaren ispilu leiala da. San Pedron arrauna ez da kirol soil bat. Gure kulturaren eta gure bihotzen taupada indartsua da. Bandera bakoitzaren atzean sakrifizio istorio bat dago. Baina batez ere, hautsezin den talde sentimendu bat jaso da liburuan. Lortu duzue. Etorkizuneko belaunaldiek garbi izango duten nondik gatozen. Eskerrak eman nahi dizkiot, bukatzeko, gure zalegoari. Marea moreari, zuen bultzadagatik. Gozatu liburu honetaz, eta gorde ezazue etxeetan altxor bezala. Gora San Pedro!”.
Xabier Baztarrikak eman zituen Pasaiako Udalaren Sorginarri bildumaren barruan argitaratu den 224 orrialdeko lanaren gaineko xehetasunak. San Pedroko arraunaren entziklopea antzekoa da, baina ez hori bakarrik: herriaren bilakaeraren eta izaeraren gordailu ere bada. Hala, Baztarrikaren arabera, Sentimendu baten garaipenak sortu arte ez zen egina San Pedroko arraunaren gaineko argitalpen hain oso eta bateraturik, “gaur, azkenean, herritar guztien esku dugu. Liburuaren izenak, komunitate bati sentimenduari aipamena egiten dio. Arraunak, San Pedro kanpoan ezagutzeko bidea eman du aldi berean”.
Arraun klubeko lagun batzuk ekin zioten liburua egitearen ideiari Baztarrikaren arabera, eta lehen zirriborroa egina zela hitzaurrea egiteko eskatu zioeten hari, “erronka onartu nuen, eta Begoña ere [Olaskoaga, Baztarrikaren bikotekidea) inplikatu zen”. Liburuaren atalen berri eman zuen koordinatzaileak, eta transmisioaren ideia nabarmen jarri zuen. HITZAk egindako erreportajean, Baztarrikak atzokoan esandakoak daude jasota. Beheko bideoan ere haren adierazpenak ikus-entzun daitezke.
Besteak beste, atzokoan, herriko arraunaren jatorri eta bilakaeraz, klubak izan dituen instalazioetaz, eta bestelako askotaz hitz egin zuen, tartean, 1998an lehenengoz emakume arraunlariak klubean hasi zirenekoa. Horiek denak jakiteko, aukerarik onena da liburua erostea; bertan, azalaren gaineko xehetasunak agertzen dira: Kontxako estropada eremu berrituaren planoa da, Sanpedrotarra Arraun Elkarteari esker berraztertu, eta zeuden kale aldeak ezabatu zirelarik. Eskerrak eman zizkien aldi berean liburua argitaratzea posible egin duten guztiei: “Autoreek adierazi didate ez dela erraza San Pedro arraunaren erreferente izateko eskuzabaltasunez aritu diren den-denen izen abizenak edo erreferentziak biltzea. Baina saiatu dira ahalik eta lan osoena egiten”. Argazkien egile eta emaileei, maketazioan aritu direnei, euskararen tratamendua egin duenari, eta inprentako kideei nahiz gainerako askori ere eskerrak eman zizkien Baztarrikak.
Egileak
San Pedron jaio zen 1938an Imanol Urdanbide. Arraunlari izan zen, eta 1958an Sanpedrotarra Arraun Elkartearen bazkide fundatzaileetako bat. Presidente ere izan zen, bi etapatan. Artxibo zabala, handia du. Bereziki San Pedroko arraunari buruzkoa. Haren ondare guztia utzi du libururako. Sebas Cano errenteriarra da jaiotzez, baina hainbat bidetatik egin zuen bat San Pedrorekin, tartean, bertan ezkondu zelako. Klubean mila lanetan aritutakoa da Cano.
Urdanbide bere hitz tartean laburra izan zen. Emozioak gainditu zuen. Pozik zegoen, oso. Eguneroko ahaleginari balioa eman zion, gauza txikiei eta handiei, baina liburua eginda, asebete azaldu zen: “92 urte ditut. Asko maite dut San Pedro. Uste dut jada nahikoa egin dudala. Goza dezala jendeak liburuaz”; txalo zaparrada ondoren. Canok, berriz, aipatu zuen etxean sortu zitzaiela liburua egiteko ideia, “bandera bakoitza garaipen bat da. Baina sentimendu moreak betirako iraungo du. Sentimendu batenak dira, beraz, garaipenak. Sentimendu hori etxean dugu zorionez”, esan zuen, hunkituta.
Mahaian zeudenek esan behar zutena zabaldu ondoren, publikoaren aldetik hainbat ekarpen izan ziren. Horien ondoren, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak nahiz Pasaiako Udalak oroigarriak eman zizkieten San Pedroko ondarea, historia eta sentimendua jasotzeko egin den liburua sortzea posible egin duten guztiei. Agustin Osak ere aitortza berezia jaso zuen.
Ondoko bideo eta irudietan, aurkezpenaren hainbat une.
