Kontzientzia pizteko hamar bizipen
'Zarata' audiogida sortu du Hodei Arrastoak LGTBIQ+ pertsonen bizipenak oinarri hartuta. Oiartzunen egin du geldialdia egitasmoak berriki.
Pertsona bat 'Zarata' audiogidaren geldiadietako batean. Hilaren 28a da etzi. Askorentzat beste egun bat baino ez da, baina badira eguna noiz iritsiko zain egoten direnak. Badira ekainean sartu eta atzerako kontaketan hasten direnak. Eta, badira, nor diren aldarrikatzeko kalera ateratzen direnak ere. LGTBIQ+ pertsonen Eskubideen Eguna da, hain justu, igandekoa, zientoka pertsonen babesgune bilakatu den eguna, alegia.
Herri batzuetan kalera ateratzen dira LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aldarrikatzera, edo beste batzuetan, berriz, ospatzera. Kaleak koloreztatzen dituzte, eta festan aldarrikatzen dute nor diren. Esperientzia pertsonalak oinarrian, jendartean eragiteko eguna da.
Badira aldarrikapen hori txikitik egiten dutenak. Kalera atera gabe euren aletxoa jarri nahi dutenak. Horren adibide da Hodei Arrastoaren Zarata audio-gida. Oiartzunen izan zen igandean. LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzeko baliabidea da.
Kontzientzia sortzeko, audiogida
Aktorea eta sortzailea da Arrastoa, bere ibilbidean hamaika proiektu egin ditu, eta beste horrenbesteren parte ere izan da. Berriki, esaterako, Zetak taldeak Bilboko San Mames estadioan egin duen Mitoaroa III emanaldian aritu da.
Gazteak gogoko du taldean lan egitea, baina LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko lan pertsonal bat egiteko gogoa zuela aspaldian kontatu du. Buruari bueltak ematen hasi, eta duela bost urte ekin zion Zarata sortzeari. Hark bakarrik, inoren laguntzarik gabe aurrera eramateko moduko zerbait nahi zuela argi zuen Arrastoak, independentea zen zerbait. Formatuari bueltak ematen hasi, eta halako batean egin zuen topo audio-gidarekin. Xehetasunak ere eman ditu ondo uler dadin zertan datzan lanak: “Museo batean egiten den audio-gida moduko bat da, baina kasu honetan garrantzitsuena ez da ikusten dena, entzuten dena baizik”.
Zarata egitasmoa 45 minutu inguruko audio bat da, eta bertaratzen den pertsona orok bere kabuz egiten du ibilbidea.
Herri bakoitzak espazio bat eskaintzen dio sortzaileari: kultur etxeak, erakusketa gela bat, jauregi bat, gela diafano bat… dena da balekoa. Eremu horretan hamar guneko ibilbide bat muntatzen du Arrastoak, eta ikus-entzuleek ordubete baino gutxiagoan egiten du esperientzia hori. Binaka edo talde txikian ere egin daitekeela kontatu du egileak, baina berak bakarka egitea gomendatzen duela gaineratu.
Audio horretan zer entzuten den galdetzen duenarentzat, horra erantzuna: “Ibilbide horretan LGTBIQ+ tematika duten hamar istorio ezberdin daude. Kontakizun batzuk poetikoagoak dira, beste batzuk artistikoagoak… Oso ezberdinak dira elkarren artean, baina amankomunean dute kolektiboa ardatz dela”.
Ibilbidearen oinarrian Arrastoaren beraren ahotsa dago, baina hamar geldialdi horietan honako artisten ahotsak entzun daitezke: Xanti Agirrezabala, Sambou Diaby, Telmo Irureta, Maider Lasa, Irene Mujika, Kimetz Renteria, Asier Rikarte, Nahia Sillero eta Garazi Urkola.
Luix Mitxelenaren parte hartzea
Bederatzi izenek osatzen dute zerrenda, baina hamar dira ahotsak. Oiartzuarrentzat berezia izan daitekeen ahots batek osatzen du Arrastoaren hamarrekoa: Luix Mitxelenarenak. “Nire ahotsak egiten ditu gidari lanak, baina bidean zehar euskaldunak diren eta LGTBIQ+ kolektiboaren parte diren hamar artisten ahotsak entzuten dira”, zehaztu du Mitxelenak.
Bidea euskaraz egin daiteke, baina bere osotasunean gaztelaniaz egiteko aukera badagoela ere nabarmendu du sortzaileak. “Hizkuntza norberak aukeratzen du, baita nola egin ere, baina nik ibilbidea bakarka egitea gomendatzen dut. Indibidualki egiteko formatu gisa dago pentsatuta”, dio.
Hartara, beste pertsona baten konpainian bidea egin nahi duenak badu horretarako aukera, baina egileak, haren esperientziatik, nabarmendu du jendeak “eskertu” egiten duela espazio propio bat izatea ibilbidea egiteko.
Hiruki Larroxarekin batera garatutako proiektua da aipatutakoa, eta ezin uka daiteke arrakasta izan duela, proiektua martxan jarri zutenetik 35 herritan izan baita Arrastoa, azkena, Oiartzunen.
Finean, Zarata esperientzia bizi nahi duenak sakelako telefono bat eta entzungailu batzuk baino ez ditu behar. Izan ere, bertaratzen diren herritarrak audio-gidaren espaziora iristean QR kode bat eskaneatu behar izaten dute, eta behin entzungailuak mugikorrera konektatzen dituztenean ekiten diote esperientzia murgiltzailearen bideari.
Hasieratik argi zuen Arrastoak proiektuaren helburua herritarrengan LGTBIQ+ gaiarekiko kontzientzia sortzea dela, eta esandakoa betetzen ari dela dirudi. Hala ere, denetarik aurkitu izan du aktoreak Euskal Herriko txokoetan. “Pertsona batzuk teoria edo ezagutza minimo batekin etortzen dira, eta ibilbide horrekin zekitena berretsi egiten dute. Beste batzuk, baina, gauza asko eta berriak topatzen dituzte”.
Hori horrela, bakoitzak bere begietatik ikusten du egitasmoa: “Informazio asko dago, eta pertsona bakoitzaren bizi ibilbidearen arabera ezberdin jasotzen dute Zarata lanaren proposamena”.
Ibilbidea egin duten dozenaka pertsonen erreakzioak ikusi, sentitu edota entzun ditu Arrastoak, eta horrek ere eman dio zer pentsatua. “Herri guztietan eta pertsona guzietan erreakzioa ezberdina da, baina amankomunean izaten dute goxotasun sentsazio bat”.
Bidearen amaieran paper bat uzten du sortzaileak jendeak nahi duen ideia edota hausnarketa egin dezan, informazio hori guztia jasotzean jendeari barrenak mugitzen baitzaizkio maiz.
Hamar geldialdi, hamar bizipen
45 minutuko audio batean informazio asko dago. Hamar geldialdi dira orotara, eta geldialdi bakoitzari ahotsa pertsona batek jartzen dio. Hortaz, hamar pertsona ezberdinen bizipenak entzuten dituzte herritarrek. Hezur-haragizko pertsonek lehen pertsonan bizitakoak entzuten dituzte bizilagunek entzungailuetatik, eta ez dituzte hala nola kentzen burutik entzundakoak.
Kontzientzia ariketa batetik harago, hausnarketarako bidea irekitzen du Zarata-k, eta hori maiz sumatzen du Arrastoak berak. “Askotan feedback zuzena jasotzen dut”.
Gainera, pozik azaldu dio hedabideari jendeak hitz egiteko gogoz amaitzen duela bidea, barrenean sortu zaien hori noiz askatuko zain eranzten dituzte aurikularrak askok, baina negar egiten du gehiengoak.
“Bidea amaituta, jendea nigana hurbildu eta zer gustatu zaien gehien, edo zerk harritu dituen kontatzen dit, elkarrizketa bat sortzeko gogoarekin bukatzen dute askok, baina askotan errepikatzen den erreakzioa da negar egitearena”, gainerat du. Ikasturte berriko kontratazioa zabalik dago hodeiarrastoa@gmail.com helbidean.
