Erail eta 44 urtera, torturaren biktima gisa aitortu dute Esteban Muruetagoiena
Egiari Zor fundazioak eman du Aitortza eta Erreparaziorako Euskal Legearen esparruan egindako aldeko ebazpenaren berri.
Tamara Muruetagoiena, Oiartzungo anbulatorioan jarri zuten aitaren omenezko plakan. Eusko Jaurlaritzak torturaren biktima gisa aitortu du Esteban Muruetagoiena Scola Ondarroan jaio, baina hainbat urtez Oiartzunen mediku izan zena. Hala jakinarazi zuen atzo Egiari Zor fundazioak. 1982ko martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Muruetagoiena. Guztira hamar egunez izan zuten inkomunikatuta, terrorismoaren aurkako legea aplikatuta. Martxoaren 25ean utzi zuten aske, inolako kargurik gabe, eta handik hiru egunera hil zen, 38 urte zituela. “Iturri ofizialen bertsioak esaten du infartu batek jota hil zela, baina autopsiaren txostenak tortura ebidentzia nabarmenak azaleratu zituen”, salatu du Egiari Zor-ek. Atzokoa, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Eguna izan zen. Herrian, Oiartzunen, 2022ko martxoaren 26an egin zioten aitortza ekitaldia, erail eta 40 urtera. Lau urte geroago iritsi da Jaurlaritzaren aitortza.
Atzoko erabakia berandu badator ere, Muruetagoienaren oroimena eta haren familiari eragindako kaltea erreparatzera iritsi da, fundazioaren ustez. Hala Muruetagoienaren kasua “inpunitatearen aurkako borrokaren ikurra” da Egiari Zor-eko kideentzat, baita Espainiako Estatuaren indarkeria jasan zutenen “sufrimendua aitortzeko beharraren” sinbolo ere. Lanean jarraitzeko deia egin dute: “Tortura kasu guztiak ahanzturan gera ez daitezen, eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa zintzoki berma dadin”.
Tamara Muruetagoiena alabak, maiz eskatu du bere aitaren kasuak egia, aitortza, justizia eta erreparazioa behar dituela. 2022an herrian omenaldia egin zenean, honakoa esan zuen: “Lehendabizi, aitaren kasuaren ikerketa sakon bat egin behar da. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik izatea gustatuko litzaidake, giza eskubideen urraketen beste auzi batzuekin egin duen bezala, Naparrarenak edo Perturrenak, adibidez. Bigarrenez, Espainiako Gobernuaren aldetik justizia eskatzen dugu, eta egon diren arduradunei espedientea irekitzea, dagokien kasuan. Hirugarrenik, erreparazioa eta aitortza eskatzen ditut. Espero dut lehendabizi Eusko Jaurlaritzatik etortzea; ez dira guztizkoak izango ez badira Espainiako Gobernutik ere iristen. Nik aitaren memoriaren alde lanean jarraituko dut. Garrantzitsuena da nire semeari eta etorkizuneko belaunaldiei ni neu harro egoteko moduko legatua uztea”.
