San Pedro Egunean, Artzain eta Inude txikiak
Artzain eta Inudeen konpartsak, haurrenak, girotu du San Pedro Eguneko eguerdia. Arratsaldean eta bihar, ekitaldi gehiago.
San Pedro Eguna gaurkoa. Sanpedroen egun seinalatuena, nahiz eta astelehena izan. Asteburuko txanpa atzean utzi, eta dianak esnatu ditu sanpedrotarrak goizean. Animatuenak 11:00etako mezara joan dira; eguerdian, herriko klasiko bat: Artzain eta Inudeak, haurrenak. Atzo helduen segizioak egin zuen barrutitik martxa, eta gaur txikienen txanda iritsi da. Begi bat zeruan atera da konpartsa, euri arriskua nabaria baitzen. Baina atera dira, eta kolorez eta giroz bete dituzte kaleak haur dantzariek, panpinak airera botaz. Beheko irudi sorta eta bideoa horren guztiaren lekuko dira. Ximun Leturia Letek jaso ditu horiek guztiak.
Arratsalderako haur eta gaztetxoen dantza tailerra dago iragarria (16:00etan, Herriko Plazan), Txasiss eta Fama konpartsek gidatua. Gero (17:30) helduen fronteniseko finalak iritsiko dira, eta ondoren irtengo dira erraldoi eta buruhandiak. 19:00etan, berriz, bote eta igel txapelketak izango dira Falkonen herriko erretiratuek antolatuak, eta 20:30ean erromeria Sutargi taldearekin Begihaundin. San Pedro Eguna ganoraz bukatzeko, 23:00etan, Hodax eta Garinbo txosnagunean.
Bihar (hilak 30, asteartea) bukatuko dira 2026eko San Pedroko Festak. Bero hasi ziren, eta epelerantz egin dute eguraldiari dagokionez. Azken orduetan seguru giroa ez dela epelduko.
Sanpedroak 2026
Gaur (hilak 29, astelehena)
- 16:00: Haur eta gaztetxoentzat dantza tailerra Fama eta Txasissen eskutik Herriko Plazan.
- 17:30: Helduen frontenis finala.
- 18:30: Buruhandiak eta erraldoiak dultzaineroekin kaleetan barrena.
- 19:00: Bote-igel txapelketa jubilatuen eskutik Falkonen.
- 20:30: Sutargi taldearekin erromeria Begihaundin.
- 23:00: Hodax eta Garinbo txosnagunean.
Bihar (hilak 30, asteartea)
- 11:00: Ginkana, Eskubidean planeko haur eta gazteen antolatuta, frontoian.
- 12:00: Buztiña eta Eskamak partida frontoian. Ondoren, haur bazkaria Txokon.
- 15:00: Puzgarriak frontoian.
- 18:00: Goazen Nait frontoian.
- 20:00: Joxe Angel Elizalderekin dantzaldia frontoian. Bitartean, afari autogestionatua frontoian. Jai Batzordeak bokatak eta edariak jarriko ditu salgai.
- 22:00: Zezensuzkoa frontoian.
