Berritze lanak direla eta, AP-8ko 12. lotunea itxiko dute bihar
Oiartzungo ordainlekuan portiko berria jarriko dute, eta eguerditik goizaldera bitartean afekzioak sortuko dira zenbait gunetan.
Oiartzungo ordainlekuaren berritze lanak direla eta, bihar (hilak 4) zenbait afekzio egongo direla jakinarazi dute AP-8ko 12. lotunean. Foru Aldundiaren arabera, ordainlekuaren portiko berria jarri nahi dute, eta aurreratu dute eguerdian hasiko direla lanekin. Hartara, 12. irteerako erabiltzaileek ordainlekuan bide bakarra izango dute.
Hala ere, jakinarazi dute aldaketa nagusiak 20:00etatik aurrera izango direla, muntaketa lanak amaitu ondoren portikoa altxatzeko eta jartzeko lanak egin behar baitituzte, eta horretarako lotune hori guztiz itxiko baitute.
Lanak 01:00etarako amaitzea aurreikusi dute, baina bitartean zenbait alternatiba planteatu dituzte:
- AP-8tik jarraitu Irun M/O irteeraraino, eta Jaizubiako biribilgunean buelta eman ondoren GI-636 errepidetik, Gaintxurizketako gaina zeharkatu Errenteriara zein Oiartzunera iristeko.
- AP-8tik GI-20ra joan, eta Pasaia Errenteriako 2.irteera erabili GI-636 errepidera sartzeko eta Errenteriako saihesbidetik euren helmugetara iristeko.
Era berean, Oiartzungo lotuenik AP-8a Bilboko norabidean hartzea aurreikusita zuten erabiltzaileek honakoa egin dezakete:
- GI-636tik Irun M/Oko sarrerara joan AP-8a hartzeko.
- GI-636tik Pasaiara joan eta bertan Beraungo lotunean GI-20a hartu Behobiako norabidean, jarraian Errenteriako lotunean AP-8an sartzeko.
