Zaborrik gabeko kostaldearen alde mobilizatu dira
Jon Aztiria lasterkariak 100 kilometro osatu zituen Gipuzkoako kostaldean ingurua zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Pasaia eta Donostia artean, gainera, 5 kilometroko ibilbide bat egin zuten, hondakinak jasotzeko.
Ekainaren 27an hondakinik gabeko kostalde baten alde 100 kilometro osatu zituen korrika Jon Aztiria lasterkariak, Hendaiatik Ondarroara. Materrek sustatu zuen egitasmoa, Itsas Zaintza Sarearen bidez, eta Zaborrik gabeko kostaldearen alde lelopean.
Aztiriak Gipuzkoako kostalde guztia egun bakar batean lotu zuen, 100 kilometroko muga gaindituz. Lasterkaria Hendaiatik abiatu zen 06:00etan, eta 22:00ak aldera iritsi zen helmuga zuen Ondarroara, 3.100 desnibel positiboko ibilbide bat osatuz. Aztiriak mezu argi bat zabaldu zuen iragan larunbateko erronkan: “Itsas kutsaduraren aurkako borrokak gizartearen inplikazioa eta zuzeneko ekintza behar ditu”. Aztiriak 13 pertsonen konpainia izan zuen ibilbidearen hainbat zatitan.
Aztiria Pasaiara iritsi zenean, hainbat lagunek bat egin zuten Materrek Pasaia eta Donostia artean antolatutako plogging ekintzarekin. Plogginga oinez edo korrika egiten den bitartean hondakinak biltzen dituen jarduera da. Orotara, 271 objektu bildu zituzten. Jarduera horri esker, kostaldeko 5 kilometro garbiago daudela adierazi du Materrek, “gure kabuz sortu ez duguna baina erantzukizun kolektiboaren parte dena”.
Hondakinen artean zigarro mutxikin asko, paperezko zapiak eta elikagaien zein ontzietatik etorritako plastiko zati txikiak jaso zituzten. Horiez gain, kirol osagarrien plastikoen (barra energetikoak edo gelak) presentzia nabarmendu du Materrek.
Eragile pasaitarrak boluntario eta erakunde guztien inplikazioa eskertu du, “haien lana funtsezkoa izan baita sentsibilizazio eta zientzia herritarreko ekintza hau posible egiteko”. Plogginga Zaindu zure ingurua, egin zure bidea lelopean egin da, “bizi garen naturarekiko kide izatearen sentimendua sortu nahian, zeinaren gainean zaintza eta eredugarritasun bide bat markatu behar dugun”.
Honakoa adierazi du Aztiriak: “Kirol erronka soil bat baino askoz gehiago da, hain zuzen ere, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboarekin elkarlanean egiteak mezu sakon eta beharrezkoa ematen dio egitasmoari, gaur egungo gizartean ingurumenaren eta itsasoaren zaintzaren kontzientzia zabaltzea baitu helburu. Era berean, korrikalari gazte eta ezezagunok kirol honetan eta ultra distantzian zeresan handia dugula erakutsi nahi da, argi utziz entrenamendu eta prestakuntza egokiarekin edozer dela posible. Azken finean, herritarrek ohitura osasuntsuetara eta beren erronkak bilatzera bultzatu nahi dituen aldarria da hau, borrokatuz gero ametsak egi bihurtzen direla frogatuz”.
