Eman daiteke izena Xanistebanetan hesiak zaintzeko lan eskaintzan
Izena emateko hemezortzi urte izan behar dira, abuztuaren 1ean langabezian egon behar da, eta eskola ziurtagiria zein B2 euskara maila izan behar dira.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, hamabi pertsona kontratatuko ditu Xanistebanetan hesien zaintzan eta beste zenbait lanetan aritzeko, eta eskaintza horretan izena emateko epea zabaldu dute hilaren 15era bitartean.
Lan horretan aritzeko, baina, zenbait baldintza bete behar dira: hemezortzi urte beteta izatea; kontratuaren hasieran (abuztuak 1) langabezian egotea; eskola ziurtagiria izatea, eta B2 euskara maila egiaztatzea –ziurtagiririk ez dutenei elkarrizketa egingo zaie–.
Inskripzioa egiteko hiru bide daude: Lanbideko lan eskaintzan izena ematea, udaletxeko egoitza elektronikoaren bidez kudeaketa egitea edo, bestela, Herritarren Arreta Zerbitzura joanda.
Izena eman dutenen artean zozketa egingo dute, eta garaileak izango dira laguntzaile lanetan ariko direnak. Zozketa hilaren 17an egingo dute, 15:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Azkenik, ohartarazi dute izena eman dutenek zozketara joan beharko dutela bertan parte hartu ahal izateko, eta ikasketa ziurtagiria eta euskara egiaztagiria eraman beharko dituztela hitzordura.
Esteka honetan daude hesiak zaintzeko lan eskaintzaren inguruko xehetasun guztiak.
