Urtebete iraungo dute Antxoko topoaren zubibidea eraisteko lanek
Ez da zubibide osoa eraitsiko: Marealta gainean diren bi arkuak mantenduko dituzte. 7,7 milioi euroko aurrekontua dute lanek.
Marealtaren gaineko bi arkuak mantenduko dira. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak, Eusko Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, onartu egin du Antxoko topoaren zubibidea eraisteko proiektua. Proiektu hori jendaurrean da ikusgai, eta bi hilabeteko epea dute hala nahi dutenek alegazioak aurkezteko. Behin epe hori bukatzen denean, obrak lizitatzeko prest izango dira. Beraz, litekeena da 2027ko lehen lauhilekoan hasi ahal izatea 386 metroko zubibidea eraisteko lanekin; ez dute osorik kenduko, ordea: ETSk egin duen proiektuaren barruan jasota dago Marealtaren gaineko bi arkuak mantentzea, horiek eraberrituz. 7,7 milioi euroko aurrekontua dute eraiste lanek, eta hamabi hilabeteko epea izango du kontratazioa eskuratzen duen enpresak horiek egiteko. 1912an eraiki zen zubibidea.
Behin zubibidea botatzen denean, libratuko den espazioaren oinarrizko urbanizazioa egingo du Eusko Jaurlaritzak. Lur eremua Pasaiarena denez, udalaren esku geldituko da Antxo alderik alde zeharkatuko duen eremuaren antolaketa zein izango den diseinatzea, eta horren araberako lanak egitea.
Hilaren 18an zabalduko da topoaren Antxoko lurpeko geltoki berria, eta beraz, Altza-Galtzaraborda trazatu berritua. Langileak jada azken ukituak ematen ari dira bai geltokiari, zein trazatuari. Hala, Gure Zumardian sarrera izango duen geltokiko estalki ikusgarria jartzen ari dira, besteak beste, egunotan.
Zatika
ETSk jakinarazi du beharrezkoa dela zubibidearen eraiste lan horiek urtebeteko epea izatea. Izan ere, zubia faseka, eta fase bakoitzaren barruan zatika kenduko da, inguruan etxebizitzak dituelako. Aldi berean, inguruan dituen eraikin horietako egonkortasuna mantentzeko beharrezkoak diren elementuak ez dituztela kenduko adierazi du ETSk.
