Madalen Jaien lau hamarkada, karteletan
Madalenetako kartel lehiaketa irabazitako lan guztiak bildu ditu udalak erakusketara, 1985ean hasi eta aurten arte. 2020 eta 2021ean pandemiarekin bertan behera utzi zuten sariketa.
Maite Gartzia eta Arantxa Vega, erakusketako kartelekin. Madalenetako kartel lehiaketa irabazitako lanekin erakusketa antolatu du Errenteriako Udalak. 40 Begirada. Herri bat izenburupean, omenaldia izan nahi du erakusketak, lehiaketa 1985ean lehenengoz antolatu zenetik lau hamarkada hauetan bertan parte hartu dutenei, baita epaimahaikide, antolatzaile, eta kartel horiek bere egin dituzten herritarrei ere. Asteazkenean zabaldu zuten Xenpelar Etxean, eta hilaren 25era arte bisitatzeko aukera izango da, astelehenetik larunbatera, eta madalenetako egun guztietan 17:00etatik 20:00etara.
«Memoria bisuala» lantzeko modua dela erakusketa azaldu du Arantxa Vega Xenpelar Tailerretako teknikariak, «jaien ispilu izan diren sormen lanak balioan jarri ditugu».
1985etik hasi eta 2026ra arte jaietako irudi izan diren kartelak dira erakusketara bildutakoak; tartean, bi hutsune, 2020 eta 2021ean lehiaketa bertan behera gelditu baitzen COVID-19aren pandemiarengatik: «Kartel bakoitza bere garaiko lekukotasuna bilakatu da, garai bakoitzeko sentsibilitate artistikoak, joera estetikoak eta gizartearen bilakaera bera ere islatzen dituzte lanek, herriaren memoria historikoa osatzen lagunduz», esan du Vegak.
Lehiaketak lau hamarkadetan barrena izan duen garapenaz galdetuta, gizartearen eskutik joan dela hori esan du. «Gizartean izan den eboluzio antzeko bat eman dela esango nuke. Egia da modu analogikoan zenean eta jendeak aurrez aurre entregatu behar zuenean sortutako kartel hori, teknika aldetik aberasgarriagoa izan zitekeela, bazegoelako pintura, collagea…». Gaur egun, gehien-gehienak teknika digitalekin eginak dira, baina oraindik ere, eta batez ere haurren sailean askotariko teknikak baliatuta eskuz eginak badirela jarri du nabarmen Maite Gartzia Kultura zinegotziak.
Lehiaketa iniziatiba «aberasgarria» iruditzen zaio Vegari, herriko jende dezentek hartzen duelako parte: «Horrekin batera, oso nabarmena da elementuen eboluzioa. Hamar urte daramatzat udalean lanean, eta heldu nintzenean madalenak, gozogintzako elementuak, ikaragarri erabiltzen zituzten lehiaketara aurkezten zirenek; orain ia etengabe errepikatzen den elementua Xanti eta Maialenen irudia da, bertsio eta teknika ezberdinetan». Datu bat: lehiaketa irabazi duten kartelen artean, ez dago bat bera ere gozogintzako madalenak irudikatuta dituenik.
Parte hartzean gorakada
Parte hartzean gorakada sumatu dute lanak modu digitalean jasotzen hasi zirenetik, 2018an izan zela hori zehaztu du Gartziak. Saria ere potoloa da irabazlearentzat—1.050 euroko diru saria jaso du aurtengo irabazleak—. Generoari begiratuta, parte hartzaileak nagusiki gizonak direla aitortu du Vegak, eta puntu horretan haurren artean neska asko direla parte hartzaileak esan du Gartziak: «Genero aldetik kartelak ezberdinak dira, izan ditugu kartel batzuk Xanti eta Madalen ez zituztela gizon eta emakume gisa irudikatzen, genero gabeko gisa baizik; Arantxak [Vega] esan duen moduan, gizartearekin batera eboluzionatzen doa lehiaketa».
Digitalera jauzi egin zutenetik, sormen lan gehienak digitalean sortuak direla esan du teknikariak, eta adimen artifizialaren inguruan galdetuta, aurten sumatu dute bereziki tresna hori baliatuta sortutako kartelen presentzia. «Gurean ez da debekurik, eta erabili badaiteke ere, jakin behar da erabiltzen. Kartel batzuk ez ziren aurre hautatuak ere izan adimen artifiziala erabili eta azaltzen zen eliza ez zelako Errenteriakoa, ez zirelako bertako erraldoiak, ezta bertako elementuak ere… Azkenean, nahiz eta konposizio polita sortu, oinarrizko irizpideak ez zituzten betetzen eta baztertuta gelditu ziren».
Gartziak esan du, gainera, kasu batzuetan oso nabarmena bada ere, beste batzuetan ez dutela bitartekorik jakiteko adimen artifiziala erabili den edo ez, «hala ere, momentuz ez dago debekatuta lehiaketan erabiltzea».
Erakusketak bisitari asko jasoko dituen uste duten galdetuta, zalantzarik ez du egin Vegak: «Madalenen bueltakoek bisita ugari izaten dituzte, ahalegintzen gara kontu herrikoiak izan daitezen eta jendeari gustatzen zaio hori, madalenetako kartelek badute arrakasta eta lehiaketa egiten denean jende pila bat etortzen da».
Madalenekin lotutakoak arrakasta dute, eta erakusketek oro har erantzun ona jasotzen dutela ere esan du teknikariak: «Egia da arte erakusketekin zailtasun gehiago izaten ditugula, baina halakoekin, honakoa bezalakoekin jende ugari bertaratzen da, errazagoa da». Harago jo du Gartziak. «Herria inplikatua sentitzen denean are gehiago etortzen dira. Bada jende asko pasatzen dena Xenpelar Etxearen aurretik eta begiratzen duena zer dagoen; dagoen horren arabera sartu edo ez erabakitzen du. Jendeak badaki hemen beti zerbait badagoela».
Erakusketa, memoria ariketa
Erakusketarekin memoria ariketa egiten saiatu direla gaineratu du Vegak. «Azkenean hau bada herriaren memoria bisual bat, kartel batzuk baditugu gogoan. Nik 2002koa ikusi, 24 urte joan dira, eta oroitzen nuen, zergatia ez dakit. Erakusketa bada herri memoriarako ariketa bat, ikuspegi bisual batetik memoria hori biltzeko ahalegin bat ere. Argazkiak erabili ohi ditugu, baina kartel hauek ere balio dute horretarako».
Lan handia hartu ote duten kartelak bildu eta digitalizatzeko galdetuta, ezetz erantzun du Vegak. «Artxiboan ariketa hori egina zegoen eta errazagoa izan da. Egileen izen abizenak aurkitzea zaila izan da, ordea». Horretarako Oarso aldizkariaren efemerideen atalera jo dutela azaldu du, identifikatzeko, «bestela espedienteetara jo behar da eta denbora gehiago eskatzen du».
Irabazleen artean herriko jendea badago, askotan errepikatzen den izen bat tartean, Angel Blanco Egoskozabal; Joseba Leizeagaren lan bat ere izan zen madalenen irudi.
Anekdotetarako tartea ere izan dute Vegak eta Gartziak; lehenengo kartela, 1985ekoa, Xenpelar tailerretako irakasleen artean diseinatu zuten, «desertu gelditu zen lehiaketa, eta Xenpelar tailerretan egin zuten. Berezia da, gaur egun ez genuke halako kartelik aurkituko, collage itxura osoa du». Hori bezain bereziak dira gainontzeko guztiak, bakarrak; Xenpelar Etxean dira zain.
