Madalenen aurreko 35. kontzertua sorpresaz beteta izango da
Maria Magdalenaren Lagunak elkarteak antolatuta, Landarbaso abesbatzak kontzertua eskainiko du hilaren 14an Madalenaren basilikan, 20:30ean.
Madalenak ate joka daudelarik gaur aurkeztu dute Maria Magdalena Lagunak elkarteak eta Landarbaso abesbatzak festen atarian elkarlanean antolatzen duten kontzertua. Aurtengoa oso berezia izango dela adierazi dute, 35. kontzertua izango baita. Aurkezpenean nabarmendu dute data aurreratu behar izan dutela hainbat arrazoirengatik, besteak beste, Landarbaso abesbatzak hilaren 16an beste kontzertu bat duelako. Hortaz, datorren asteartean, hilak 14, izango da Landarbasoren emanaldia Madalenaren basilikan, 20:30ean. Sorpresak ez dira faltako, eta urtero bezala espero dute ermita jendez goraino betetzea.
“Ez da broma madalenen aurreko kontzertuak 35 urte iraun izana, eta hori hein handi batean Landarbasok egindako lanari esker izan da”, adierazi du Lurdes Urangak, Maria Magdalenaren lagunak elkarteko kideak. Urte oparoak izan dira azken biak haientzat, guztira 26 kontzertu eskaini baitituzte bietan herriko gune horretan. 2026a ere oparoa izango denaren ustea du elkarteko kideak: “Orain arte, hamazazpi kontzertu antolatu ditugu, sei gureak izan dira, eta beste bederatziak elkarlanean egindakoak”.
Kontzertuak antolatzeko elkarlana ezinbestekoa da, eta Uranga oso eskertuta azaldu da Landarbasorekin egindako kontzertuetan adin guztietako publikoa biltzeko aukera izateagatik. Bide beretik, Iñaki Tolaretxipi Landarbaso abesbatzako zuzendariak kontzertu honek duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. “Oso etxeko kontzertua da, eta oraindik esan ezin dudan sorpresak izango ditu”, azaldu du Tolaretxipik.
Maria Magdalenakoentzat urtea oparoa izan bada ere, Landarbasoko zuzendariak kontatu du haientzat ere “urte polita” izaten ari dela. Aurrerantzean emanaldi oso bereziak izango dituzte, eta azken urteotan ohikoa bihurtzen ari da haientzat 40 kontzertuko langa gainditzea. “Kontzertu guztiak oso bereziak dira, politak eta interes handikoak”, amaitu du.
