Perretxiko jasangarrien ikerketan parte hartzera deitu dute
Udalak, Aranzadik eta Aiako Harriko Parke Naturalak antolatu dute bilera irekia. Hilaren 15ean izango da (asteazkena), 16:00etan, Xenpelar Aretoan.
Errenteriako Udalak, Aiako Harriko Parke Naturaleko administrazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Sailak bilera ireki bat antolatu dute hilaren 15erako (asteazkena da), 16:00etan, Xenpelar Aretoan. Herritar oro gonbidatu duten hitzordu horretan Añarbeko baso erreserban bost urtez jarraian egin duten onddoen ikerketaren berri emango dute, bai eta hemendik aurrera egingo duten bidea azaldu ere. Aurten, gainera, perretxiko bilketa eta onddoen dibertsitatea uztartuko dituen ikerketa berri bat abiatuko dute Añarben “etorkizunean jarraipen egokia bermatzeko asmoz”.
Abiatuko duten ikerketa horrekin Añarbeko baso eremu zehatzetan perretxiko bilketak onddoen inguruan edota haien habitatetan eraginik izan dezakeen ala ez aztertu nahi dute. Horretaz gain, Añarbera joaten diren perretxiko biltzaileentzako zein edozein herritarrentzako perretxiko bilketaren inguruko inkesta bat sortuko dute. Galdetegia Añarbeko informazio postuetan zein Errenteriako web orrialdean egongo da eskuragarri.
Azkenik, jakinarazi dute bilketarako baso eremu aproposenak zein diren atzemango dutela, eta behin horiek hautatuta urte ezberdinetan zehar onddo jasangarrien produktibitatearen eta onddo dibertsitatearen datuak eskuratuko dituztela. “Datu hauekin perretxiko bilketan azaltzen diren espezie eta habitaten egoera kontserbazioaren ikuspuntutik aztertuko dira, etorkizunerako kudeaketa lan egokien proposamenak bideratzeko”.
