Klasiko bat Oiartzungo gazteek gaurkotua
Oiartzungo Gazte Sortzaileek udako antzerkia egiten dute ikasturte amaieran, eta aurtengoa gaur izango da, 19:00etan, Landetxen. 'Zuhur eta Lur' lana taularatuko dute. Oraindik eros daitezke sarrerak.
'Zuhur eta Lur' antzezlaneko zati bateko irudi bat.Oiartzungo Gazte Sortzaileak Antzerkia bizirik dago Oiartzunen. Antzerkigintza gero eta gehiago jorratzen da herrian, eta antzerkiarekiko zaletasuna ere areagotzen joan da ezinbestean urteek aurrera egin ahala. Horren adibide argi modura jarri daiteke erdigunean Orgasmoren jarduna, Oiartzungo Gazte Sortzaileak dira.
Duela urte batzuetatik hona ikasturte amaieran antzerki bat egiten dute, eta aurtengoan ere ez da gutxiagorako izango, gaur bertan (ostirala, hilak 17) 19:00etan Landetxe aretoan egingo baitute saioa.
Aurtengorako Zuhur eta Lur antzezlana aukeratu dute, eta lan hori oholtzaratu eta pertsonaiak gorpuzteko oiartzuarrez osatutako lan talde fin bat osatu dute. Agertokian zenbait herritar ikusteko aukera izango da, baina ikusten ez den lana egiten ere beste zenbaitzuk aritu dira. Honakoa da gaurko hitzordua ezin hobe atera dadin lanean aritu den lantaldea: Luix Mitxelena, Olaia Sorondo, Izar Aizpuru, Leire Agudo, Enara Arregi, Julen Castillo, Malen Elizasu, Jon Etxebeste, Auritz Jauregi, Maialen Leiza, Lara Manjarres, Daniel Picazo, Izaro Zapirain, Izaro Txapartegi, Ariane Otaegi, Eider Tome, June San Sebastian, Udane Alberdi, Esti Fernandez eta Aroa Mitxelena.
Zuhur eta Lur Molière aktore eta idazlearen L’Avare antzezlanaren egokitzapena da, eta Harpagon da protagonista, alargun zuhur eta zekena, diruarekin arazoak dituena. Arazoak, baina, ez dira dirurik ez duelako, harekin obsesionatuta dagoelako baizik. Honela laburtu dute Orgasmokoek lana: “Maileguen kontura aberastutako espekulatzailea dugu Harpagon. Bere bi seme alaba gogoz kontra ezkontzen saiatuko da, beste behin ere, diruan soilik pentsatuz. Bestalde, Mariana neskato gaztearekin ezkondu nahiko du diruak betetzen ez dion hutsunea estali ahal izateko. Honek etxeko normaltasuna korapilatuko du endredozko komedia bati lekua eginez”.
Testuaz eta zuzendaritza lanez Luix Mitxelena arduratu da, eta Izaro Zapirain, berriz, aktoreetako bat da, eta norbere egitekoak oinarri hartuta, bakoitzak bere bizipenak kontatu dizkio HITZA-ri.
Izaro Zapirain Harpagonen azalean
Izaro Zapirainek Harpagon protagonistaren rola izango du gaur iluntzeko saioan, eta kontatu du hasieran “erronka” modura esan zuela baiezkoa, ordura arte antzerkia egin duenean “antzeko pertsonaiak” egin izan baititu. “Inoiz egin ez dudan pertsonaia bat da, zaila iruditzen zitzaidan. Gizon bat da, zaharra eta ozpindua, eta egia esan, zaila izan da haren azalean jartzea”, azaldu du.
Era berean, pertsonaia maitatzea “kosta” egin bazaio ere, orain prozesua begi onez ikusten du; “kariñoa” hartu diola ere gehitu du aktoreak.
Zuhur eta Lur lanaren Oiartzungo bertsioaren oinarrian herritarrak daude, eta horrek hasiera batean lana erraztuko duela badirudi ere, izan liteke batzuetan traba izatea, lotsak hartzen baititu askotan gorputzak. Zapirain: “Niri ezezagunen aurrean errazagoa egiten zait gauza batzuk egitea ez nautelako ezagutzen, baina egia da leku berean gaudela denok, espazio seguru bat sortzen, eta niri ez zait lotsa edo beldur hori sortu entseguetan”.
Finean, badaki denek helburu bera dutela: “Ondo pasatzeko eta disfrutatzeko gaude denak, eta gure artean oso giro polita sortu da”.
Esperimentu moduan sortua
Mitxelena, berriz, zuzendari moduan aritu da lanean, eta hark nabarmendu du “esperimentu moduan sortutako proiektua” izan dela herriko gazteek mamitu dutena. “Gutxi gorabehera badakigu urtero zerekin egingo dugun topo, baina niretzat oso polita da ikustea herrian sortzen diren sareak”.
Elkarlanean aritzeak, ezinbestean, denbora elkarrekin pasatzea suposatzen du, eta oiartzuarren arabera harreman politak sortzen dira talde lan horretatik: “Jendeak nolako harremanak sortzen dituen ikustea proiektu horretatik, Orgasmoko beste edozeinetatik edota udalak ematen dituen laguntzen bitartez oso polita da”, nabarmendu du zuzendariak.
Bide horretan, baina, jakitun da Mitxelena Oiartzun herri “oso mugitua” dela: “Egia da mila espazio daudela eta mila komunitate sortzen direla, baina askotan pentsatzen dut gizarte indibidualista batean biziko bagina proiektu honek utz lezakeen arrastoa oso handia izango litzatekeela. Hortaz, hau da aletxo bat eraiki nahi dugun herria eraikitzen jarraitzeko”.
Orgasmok hamaika diziplina jorratzen ditu, eta batzuetan ertz batzuk gehiago mugitzeko saiakerak egin behar badituzte ere, ikusten dute herrian interes asko pizten duela antzerkigintzak. “Antzerki talde ugari daude, txikitatik ja ikastetxeetan ikasle askok antzerkia egiten du, herrian egitarau sendoa daukagu, eta uste dut herriak zein udalak antzerkigintza asko babesten dutela, eta hori nabaritzen dela”, jarraitu du Mitxelenak. “Erraztasun asko topatu ditut beti”, gehitu du.
Zapirainek ere bide beretik jarraitu du, eta kontatu udako antzerkiak interes handia pizten duela: “Duela urte batzuk, lehenengo antzerkia egin genuenean, jendeak ikusi zuen oso guay zegoela, eta ordutik esango nuke interes handia pizten duela ikasturte amaierako lan honek”.
Arratsaldeko zazpietako hitzorduko sarrera gehienak salduta badaude ere, oraindik bada horiek erosteko aukerarik, eta herritarrak bertaratzeko deia egin dute uste dutelako “ordu eta erdi dibertigarria” izango dela.
Nabarmendu dute klasiko bat “gaurkotu” dutela, eta sinistuta daudela jendeak “asko” konektatu dezakeela Molièrekin, klasiko batekin “ongi pasatuz”.
