Fitnessa, ohitura osasuntsuak eta osasun mentala gazteen begietatik
'Zuena da HITZA' podkasteko bigarren atalean kirola, ohitura osasuntsuak eta osasun mentalaz aritu dira June Ibarguen, Sara Mariezkurrena eta Mikel Larra.
Ibarguen, Mariezkurrena eta Larra HITZAko Urko Iridoy kazetariarekin batera. Oarso Bidasoko HITZAk aro berri bat zabaldu du 2025/2026 ikasturte honetan ikus entzunezko arloari dagokionean, eta bide hori egiten eta aurrera pausoak ematen jarraitzen du hedabideak.
Ikus entzunezkoek gero eta garrantzia eta indar gehiago hartu duten garai hauetan, Zuena da HITZA podkasta ondu du hedabideak herritarrei ahotsa emate aldera. Proiektu horretan, baina, gazteei emango zaie ahotsa, eta belaunaldi hori osatzen duten herritarrek euren intereseko gaien inguruan hausnartuko dute, betiere euren esperientzietatik abiatuta.
Bigarren bideo podkasta argitaratu du oraintsu medioak, eta oraingoan fitnessa, ohitura osasuntsuak eta osasun mentala izan dituzte hizpide Oarsoaldeko eta Bidasoko zenbait gaztek. Urko Iridoy Alzelai kazetariaren gidaritzapean egindako hitzorduan hiru pertsonek hartu dute hitza: Mikel Larra entrenatzaile fisiko hondarribiarrak, June Ibarguen kirol nutrizioan aditua den oreretarrak eta Sara Mariezkurrena psikologo irundarrak, hurrenez hurren.
Hedabideak ekoizten eta jorratzen dituen bestelako edukiak ikusteko, jarraitu HITZA Instagramen.
