Hilaren 29an izango da etxebizitza tasatuen bigarren zozketa
Eskatzaileen behin betiko zerrendan 117 familia unitate daude. Etxebizitza Elizalde auzoan dago, logela bakarra du, eta ez du garaje ezta trastelekurik.
Oiartzungo Udalak jakinarazi du, alegazio epea itxita, alkate dekretuz onartu dutela etxebizitza tasatuen urteko bigarren zozketarako eskatzaileen behin betiko zerrenda. Bertan 117 familia unitate daude, eta denek dute aipatutako zerrenda hori ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez, honako esteka honetan.
Zerrendan daudenen errolda eta etxe premia datuak soilik gainbegiratu dituzte, eta esleipenduna izaten denak etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du; alegia: Oiartzunen erroldatuta egotea eta etxe premia duela ziurtatzeaz gain, diru sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du.
Era berean, zozketa egin eta 20 eguneko epean beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko dio esleipendunari udalak, eta epe horretan aipatutakoak aurkezten ez badira, uko egin dela ulertuko da eta itxarote zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Bigarren eskuko etxebizitza
Etxebizitza tasatuen urteko bigarren zozketan Elizalde auzoan dagoen logela bateko bigarren eskuko etxebizitza bat zozkatuko da. Bizitza horrek, baina, ez du garajerik edota trastelekurik, eta 133.750 euroko behin behineko prezioa du, BEZik gabe.
Zozketa uztailaren 29an egingo dute, 10:00etan, Landetxeko aretoan, eta publikoa izango da ekitaldia. Zozketa udalaren webgunetik zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da.
Azkenik, diote behin betiko zerrendan dagoen interesdun bakoitzak zenbaki bat duela esleituta, eta horiek direla ontzian sartzen direnak. Etxebizitza zozkatuta, itxarote zerrenda osatzeko zozketa egingo da, eta hor zenbaki bakarra aterako da. Hurrenkeran osatuko dute itxarote zerrenda, etxea tokatu zaion zenbakira bueltan iritsi arte.
