Hemen dira madalenak!
Pantxoa eta Peiok biribildutako txistularien kontzertu ederra izan zen atzo Zumardian. 'Pirata' ere oholtzara igo zen, txalo artean jaso zuen herriak.
Ordu gutxi batzuk falta badira ere, madalenak ate joka baino, ia-ia hasi direla antzeman daiteke herrian. Atzo arratsaldean urteroko madalenen aurreko txistularien kontzertua egin zuten, handia, erraldoia izan zena. Ohorezko hainbat gonbidatuk partekatu zuten oholtza jaien atariko honetan. Aurtengo gonbidatu handiak Pantxoa eta Peio (Pantxoa Carrere eta Peio Ospital) izan dira, Zumardia osoa haiekin kantuan aritu zen, iltzatutako abesti klasiko horiek elkarrekin abestu zituzten herritarrek.
Aurretik, omenaldi eta eskertzarako tartea izan zen. Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata-k txalo zaparrada artean jaso zuen herriak atzo. Herriari, musikari eta madalenei egindako ekarpen handi hori eskertu zion herriak. Nola bestela, kantuan, dantzan eta umorez aurkeztu zuen bere burua Zumardiko oholtzan aurtengo madalenetako omenduak.
Aizpea Otaegi alkateak herriaren izena beti harekin eraman izana eta herriari, herriko kulturari eta noski, musikari oro har egindako ekarpena eskertu zion. Oroigarri eta lore sorta bat jasoz, eta beste behin, txalo zaparrada erraldoi batekin agurtu zuen herriak aurtengo protagonista. Baina, ez dadila oso urrutira joan, gaur (19:00etan) helduko baitzaio bigarren une handia, txupina piztearen ardura harena izango da. Bertan ere izango da HITZA.
Protagonista asko izan ziren jaien atariko festa honetan. Ekain Cachenaut uztariztarrari ere omenaldi berezia egin zioten atzokoan, Euskal Herriko txistu bakarlarien txapeldun izan baita azken hiru urteetan. Indalezio Bizkarrondo Bilintx ere oso presente izan zen atzo, bere heriotzaren 150. urteurrenean hark egindako hainbat bertso abestu baitzituzten Jare Antzizar eta Julen Olaizola bertsolariek.
Musika hasi aurretik, aurtengo jaietako Kartel Lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Hain zuzen, Joseba Iñaki De la Calle (helduetan) eta Laia Maturana (haurretan) irabazleak oholtzara igo ziren, oroigarri bana jasotzeko. Hauek ere txalo artean jaso ditu herriak.
Zumardia lepo beteta beste urte batez Xabier Vesgak gidatutako txistulari, musikari, eta dantzarien emanaldiaz gozatzeko, eta madalenetarako motorrak behar bezala berotzen hasteko. Hasi da atzera kontaketa. Has dadila festa!
