Adinekoen zaintza duina eskubide eta aldarri
Jesusen Bihotza zaharren egoitzako egoera larria azaleratu dute egoiliarren hiru senidek. Arduradun politikoei euren senideek arta duina jasotzen dutela bermatzeko neurriak martxan jartzeko, eta jendarteari kontzientzia hartzeko eskatu diete.
Joan den asteartean erresidentzian egindako protesta.Esther Boticario Fernandez Ate ugari jo dituzte eta denen atzean hormak baino ez dituzte aurkitu. Ezinegona sentitzen dute, kezka, nekea, baina batez ere, ahanzturaren lauza daramatela soinean. Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza erresidentziako hiru egoiliarren alabak dira Esther Boticario Fernandez, Itxaso Otaegi Ziganda eta Leire Otaegi Ziganda; ama du egoitza horretan lehenak, ama eta aita beste biek, ahizpak dira. Euren senideek azken urteetan egoitza horretan bizi duten egoera azalarazi nahi izan dute «arduradun politikoei interpelazio zuzena egiteko», eta jendartearen artean «kontzientzia pizteko».
Hirurek jo dute HITZA-ra Gabierrota auzoko egoitzaren egoeraren berri emateko, baina senide gehiagoren izenean aritu dira, «69 bat senidek bat egiten dugu eskaera hauekin». Egun, 140 bat egoiliar dira erresidentzia horretan. Gabeziak atzetik badatoz ere, langileen greba mugagabeak horiek azaleratu egin ditu, eta jada bederatzi hilabete dira lan baldintza duinak exijitzeko protesta hasi zutenetik.
Kabia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren organismo autonomoak kudeatzen du egoitza, eta Eulen enpresak ematen du zerbitzua beste batzuekin batera. Egoeraren larritasuna irudikatzeko adibideak eman dituzte, bata bestearen atzetik. Higienearekin lotuta, une honetan dutxa bakarra dute egoiliarrek astean: «Berez bi dutxa dira legez astean, eta gutxi bada hori, egoitzan bakarra egiten diete. Kontuan hartu behar da egoiliarren %90 pixoihalarekin izaten direla 24 orduz, eta azken hilabetean izaten ari garen bero boladak ere aintza hartu behar dira». Lotsagarritzat jo du egoera Itxasok: «Dutxa bakarra egitea astean krudela da, salagarria erabat». Ohean ematen duten denbora ere salatu du Boticariok, «19:00etan edo 20:00etan oheratu, eta hurrengo goizean jaikitzeko astirik ez badute, jangelan beharrean ohean ematen diete gosaria batzuei eta 11:00etan jaiki. Horrek 12, 14 edo 16 ordu ohean jarraian egotea suposatzen du». Ez da hor gelditzen kontua, janariaren kalitatea ere «exkaxa» dela salatu du Leirek: «Aramark enpresak du kontratua, eta batzuetan fruta bukatu eta gabe uzten dituzte, otordua erreta ateratzen diete, edo kanpotik kiskali eta barrutik gordina. Ez dago eskubiderik. Asteburuetan, gainera, kartoizko plater eta edalontzietan egin behar izaten dituzte hiru otorduak».
Egoerak egoiliarrei zein senideei eragiten dien ezintasuna behin eta berriz jarri dute mahai gainean, baita amorrua ere. «Kognitiboki ongi direnak ere, tontoak bailiran artatzen dituzte. Ez dagoenez denborarik, ezta jende nahikorik ere, pixoihala jartzen diete eta listo; komunera ezin badituzte eraman gainean egin eta aldatu arte horrekin egoten dira». Mezu gogorra Itxasok helarazi duena: «Erresidentzia une honetan bizirauten jarraitzeko da, unean unekoari aurre egiteko, eta guk gure senideak duin zainduta egotea nahi dugu». Jesusen Bihotza erresidentzian den egoera beste erresidentzietan ere ematen dela gaineratu dute, «okerragoa da batzuetan, eta senideak ez dira mugitzen; ezin dugu ulertu».
Ahoan bilorik gabe esan dute: «Zentroaren aldetik utzikeria dago»
Prestakuntza eskasa
Langile falta da arazoa, baita haiek dituzten lan baldintzak ere. Uneoro langileek euren lan baldintzak hobetze aldera borrokatzeko duten eskubidea babestu dute hiru senideek, eta beste arlo bati ere erreparatu diote: lanerako jendea aurkitzea gero eta gehiago kostatzen dela: «Datozenak gero eta prestaketa oinarrizkoagoarekin iristen dira, Lanbideko bi hilabeteko prestaketarekin, eta jakin gabe nola heldu behar diren pertsonak egoki, garabiek nola funtzionatzen duten, ezta audifonoak nola jarri ere. Egoitzako zuzendaritzak onartu du hori hala dela, eta Eulenekin adostu du hasiberriak egun bat edo bi lehenago joatea egoitzara ikastera». Langile berriena maiz aitzaki modura erabiltzen dutela esan du Boticariok, «ez da aitzakia, ordea, erresidentziak berak, edo Kabiak gainbegiratu beharko lukeelako lana egoki egiten dela, baina ikuskapenik ez dago».
Intzidentziak daude egunero, baina horien berri jasotzea erizain laguntzaileen lana dela azaldu dute. «Egin beharreko lana egiteko astirik ematen ez badie, are gutxiago intzidentzia horiek apuntatu eta enkargatuari pasatzeko. Langilearen esku gelditzen da, beraz, janariarekin edota bestelako arlotan zerbait gertatzen bada horren berri jaso eta bideratzea». Haserre gaineratu du Itxasok, egoiliarren batek protesta egiten badu beste egoiliarren bat babesteko-edo, ondorioak dituela: «Errieta egiten diote, ‘nor zara zu kezkatzeko gertatzen denaz? zu zureaz arduratu’ esanaz. Horren aurrean, eta arazorik ez izateko, isildu egiten dira».
Eider Mendoza ahaldun nagusiari eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuari aipamena egin diete hiru senideek, baita eskaera zehatza egin ere: «Hasi lanean. Aldian behin hainbat komunikabidetan aurpegia zuritzeko publireportajea egin eta inoiz bukatzen ez den liburu berdea aipatzen dituzte, baina bederatzi hilabete daramate langileek greban eta inork ez du ezer egin egoerari irtenbidea emateko». Maite Peñarena «larriagoa» dela esan du Itxasok, «errenteriarra izanik ez da gauza izan egoitzara joateko. Ez zaio inori axola gure adinekoekin gertatzen ari dena».
Kabiaren batzorde mistoari ere erreferentzia egin diote: «Ez du araudirik, baina beraiek erabaki dute zein senide eta egoiliarrek har dezakegun parte. Argi dago ez duela balio egoerari aterabidea emateko». Irtenbidea argi dute, «eredua irauli behar da».
Bakarrik sentitzen dira, eta gaiaren gainean hausnartzera deitu dute gizartea: «Gure aiton-amonak ez daude politikarien agendetan, ahaztuta ditu gizarteak ere, baina etorkizuneko egoiliarrak gara, eta inork ez genuke nahi 24 orduz fardel berarekin egon, dutxa bakarra izan astean, eta 28 graduan lo egin… Lotsagarria da».
