Lurdes Iriondori gorazarre egingo dio Harribeltzak
Harribeltza ihesaren aurkako elkarteak 30. urtez egingo du udako kontzertua. Aurtengoan Lurdes Iriondo izango dute ardatz 'Errota zaharretik' emanaldian. Hilaren 31n izango da, 19:30ean, Done Eztebe parrokian.
Ainara Ortega oholtzan, atzean Lurdes Iriondoren irudi bat duela.Aiurri Harribeltza hiesaren aurkako Oiartzungo elkarteak data berezia izaten du urtero, uda partean. Elkartearen beraren aldeko kontzertu berezia egiten dute duela zenbait urtetik, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egingo. Bada, gainera, data borobila dute, aurtengoa kontzertua egiten duten 30. aldia baita.
Hiru hamarkadaz ari da Harribeltza hiesdun pertsonak artatzen zein prebentzio lanak egiten. Joseba Errekalde Lekuona herritarra aipatutako taldearen sortzaileetako bat da, eta, ondorioz, haien helburuak betetzeko lanean ari denetako bat ere bai. Euren jardunaren berri eman dio hedabideari. “Gaur egun oraindik ere izugarrizko paliza eramaten du jendeak positibo ateratzen zaionean. Era berean, baina, aipatutako arrazoiaz gain, prebentzio lana ere beharrezkoa dugu. Prebentzio lana egiten dugu inor gehiago infektatu ez dadin, baina baita kontzientziazio lana egiteko ere. Estigmaren aurkako izugarrizko lana egiten dugu”.
Errekaldek kontatu duenez, taldearen nukleo eragilea gutxi gorabehera hasiera batean zegoen bera da, eta pozez kontatu du taldean zer nolako fideltasuna dagoen. Erabiltzaileen artean ere, aldaketa nabarmenik ez dela egon gaineratu du, 1997az geroztik egoera egonkortu egun baita. “Antirretrobiralak sortu zirenean gaixo kronikoak bihurtu ginen, eta ordutik artatzen ditugun pertsonak gutxi gorabehera berdintsuak dira”. Alabaina, zerbait gehitzekotan, nabarmendu du etorkin gehiago artatzen dituztela: “Gure gizartea aldatzen ari da, eta gure elkartean ere hori islatzen da. Ez dut esan nahi, inondik inora, etorkin gehiago etortzen direla infektatuta, hori argi gera dadila. Esan nahi dudana da gizartean gaur egun profil ezberdineko jendea dagoenez, guk ere profil ezberdinetako pertsonak artatzen ditugula”.
Zein eremutan lan egiten duten galdetuta, kontatu du Gipuzkoa osora zabaltzen dutela egitekoa, bi elkarte baino ez daudelako eremu horretan lanean, nahiz eta lehen gehiago ziren. “1980ko eta 1990eko hamarkadetan udazkenean onddoak bezainbeste elkarte sortu ziren hiesaren aurka lan egiteko. Hernanin, Arrasaten edota Getarian, esaterako, bazeuden, baina gaur egun Donostiako ACASGI [Asociación Ciudadana Anti Sida de Gipuzkoa] eta gu baino ez gaude”.
Bien artean nolabaiteko osotasun bat lortzen dute; “ACASGIk mota bateko edo besteko motxilak dituen populazioarekin egiten du lan; guk, berriz, lan gehiago egiten dugu populazio arruntarekin”, jarraitu du.
Lurdes Iriondo gogoan
Hilaren 31ko 19:30ean Done Eztebe parrokian izango da Harribeltzaren udako 30. kontzertua, eta Ainara Ortega izango da aurtengo abeslaria. Harekin, baina, Angel Unzu, Iñar Sastre eta Juanma Urriza ariko dira oholtzan helburu bakar batekin: Lurdes Iriondori gorazarre egin eta abeslaria oroitu.
Horrela eman ditu xehetasunak oiartzuarrak: “Bizitzan, adi egonez gero, gauzek lotura bat izaten dute. Bagenekien aurtengo artista [Ainara] Ortega izango zela iaztik lotuta genuelako, eta aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman dio Lurdes Iriondori. Bestalde, oiartzuar baten emaztea zen; guretzat Lurdes ikaragarria zen”. Errekaldek kontatutakoak ikusita, esan liteke nonbait idatzita zegoela aurtengo hitzorduan, modu batera edo bestera, Iriondo izango zutela gogoan.
Debalde etortzen dira Oiartzunera artistak udako hitzordu horretara, eta Errekaldek nabarmendu du horrelakoetan ezin zaiela kontzertu berri bat sortzeko eskatu: “Ortegak berak esan zigun bazuela Lurdes Iriondoren emanaldi bat onduta, eta hori ekartzea erabaki genuen. Gauzak horrela joan dira sortzen, eta datorren asteko hitzorduarekin zenbait helburu betetzen ditugu: 30. urteurrena ospatzea, emakume bati omenaldia egitea, emakume batek kantatzea, emakume hori oiartzuar baten emazte zen [Xabier Lete]… Gauza asko uztartzen dira, nire ustez”.
Ondarea berpiztuz
Ortegak, Gipuzkoako Foru Aldundiak luzatutako enkarguz, Iriondoren ondarea berpiztu eta oholtzaratu du “gaur egungo begietatik berrinterpretatzeko” asmoarekin. Abeslariak berak honakoa dio kontzertuaren aurkezpenaren harira: “Nik Lurdes Iriondo gure zaharrei galdetutakoan euren begietan ikusten dudanagatik ezagutzen dut: emozio sakon bat azaltzen zaie haiei Iriondoz egindakoaren gainean hitz egiten dutenean, esker ona, eta tristura eme bat”.
Errota zaharretik du izena datorren asteko hitzorduak, eta zortzi abesti interpretatuko dituzte orotara Oiartzungo parrokian: Loa loa, Ttuntturrunberde, Isiltasuna, Gaua, Aur kantak, Hala ere, Agurra, Errota zaharra eta Ez gaude konforme.
Ainhoa Arteta izan zen Harribeltza elkartearen lehenengo gonbidatua, eta orduz geroztik bide luzea egin du taldeak. Errekalde harro dago egin dutenarekin, baina bidean izan dituzten laguntzaile guztiak aipatu nahi izan ditu: “Bakoitzak egiten dugun lanaz gain, gure bidean jende askok lagundu gaitu bai kontzertuetan eta baita bestelakoetan ere. Udalak hasieratik lagundu gaitu, eta orain ja xanistebanetako programan agertzen gara, baina lehen ez zen horrela. Guretzat ohore bat da Oiartzungo festen barruan dagoen lehenengo ekitaldi kulturala Harribeltzaren kontzertua izatea”.
Oiartzuarrak, beste gauza batzuen artean, gogorarazi du Harribeltza onurarik gabeko elkarte bat dela, eta horrelako taldeetan gauzak ez direla plan estrategiko batekin antolatzen. “Urteak gehitzen joan dira, eta gu bidea egiten joan izan gara urtetik urtera”.
