Ikusi gabe, entzun gabe, eta pozik
Topoaren trazatu berriak eta Antxoko lurpeko geltokiak eraldaketa urbanistiko eta soziala ekarri dituzte barrutira. Antxotarren egunerokoan ikur ziren trenaren joan-etorriak jada ez dira era nabarian entzun eta ikusiko.
Topoaren geltoki berrirako sarbidea.Imanol Saiz Larunbat goizeko 07:12an atera zen lehen topoa Antxoko lurpeko geltoki berritik Amararantz. Bidaia baten hasiera baino, Antxoren eraldaketaren bidaiaren bukaera antzekoa izan zen hura. Ia bost urteko lanen ondoren, jada zabalik eta erabilgarri du Pasaiako barrutiak Euskotrenen geltoki berria, baina herriaren erdialde osora hirigintza iraultza ere ekarri dute lanek, eta horien emaitzak. Ikus-min handia sortu du garraio azpiegitura dirdiratsuak: joan den larunbata eta igande artean 6.200 izan ziren geltokira sartu edo handik irten ziren bidaiariak. Askoren xede, herri edo geltoki zehatz batera joatea baino, kuxkuxean aritzea izan zen. Hainbeste hilabetez Antxoren egunerokoa oztopatu duen obra horren lurpeko zatiaren emaitza zein izan den zuzen-zuzenean ikusi nahi zuten. Lur azalekoa jada ezagun dute, ia-ia egina dagoelako, eta jada antxotarrak elkartzeko espazio bihurtu delako Gure Zumardi berria.
Lurpeko estazioa sortzea, beraz, topoaren geltoki zabalago, irisgarriago edo modernoago bat egitea baino askoz gehiago izan da. Antxoren erdialde den Gure Zumardia berrasmatzeko eta herritarren parte hartzearen bidez diseinatzeko ariketa ere izan da. Lehen Gure Zumardia plaza bitan zatituta bazen ere, orain Eskalantegi eta Gelasio Aranburu kaleen arteko plaza bakarra da. Antxotarrek eta bisitariek zabalgune handia dute han bizia egiteko, elkartzeko, esertzeko, edo besterik gabe inguruan diren establezimenduetan erosketak erosoago egiteko.

Erabat eraberritu da Gure Zumardia plaza topoaren lanen harira. Argazkia: Imanol Saiz.
Ia bost urteko lanengatik barrutian ezagun eta erreferente ziren eraikinak desagertu egin dira, hala nola kioskoa, edo Azoka gunea. 2028rako beste ikonoetako bat desegina izango da, topoaren ibilbide zaharraren zubibidea. Horiek Antxoko mapatik kentzeak ez du zalaparta berezirik sortu antxotarren artean, ordea. Ostiraleko (hilaren 17ko) 22:57an erabili zuten azkenekoz bidaiariz betetako topoek zubibide arkudun elegantea.
Jada inguruko bizilagunek edo komertzianteek ez dute entzuten trenaren burrunba. Horietako bat da Seve Sagarzazu. Topoaren ibilbide zaharreko zubibidearen ondo-ondoan ile-apaindegia du Sagarzazuk, aurten 35 urte izango dira hor lanean hasi zenetik. Ia 35 urtez izan da, beraz, bere negoziotik topoaren joan-etorrien zarata entzuten eta haren bezeroekin konpartitzen. «Lasaitasuna iritsi da», esan du, pozik: «Orain telefonoz lasai asko hitz egin dezaket hemen, eta bezeroekin jada ez dut ahots tonua igota solasean aritu behar. Alta, hainbeste urtez topoaren zarata ez entzuteak sentsazio arraroa ere eragin dit; baso batean nagoela dirudi, isiltasunean. Dena dela, ordu gutxi batzuk baino ez dira topoaren trazatua geltoki berrira aldatu denetik, baina sekulako onura nabaritu dut». Trazatu berri hori 2,1 kilometrokoa da, hain zuzen ere Altzako eta Galtzarabordako geltokien artekoa, erdian Antxoko lurpeko estazio berria delarik.
Ile-apaindegia zubibidearen ondo-ondoan izanik, gogoz da Sagarzazu hura ken dezaten. Ez da ari, gainera, haren ongizate propioaz, antxotar bezala hitz egin du: «Nigatik gaur bertan bota dezatela zubibidea. Badakit prozesu luzea izango dela, baina lehenbailehen ken dezatela. Egin dezatela horren ordez oinezkoentzako paseo luze bat, jar ditzatela zuhaitzak, eserlekuak… Zubibidea eraisteko lanei ez diet beldurrik, dena ondo egingo dute langileek. Antxok asko irabazi du, eta irabaziko du». Zubibidearen luzera 386 metrokoa da, eta hura kentzen denean 2.800 metro koadro geldituko dira libre barrutiaren erdi-erdian.
Ordulari funtzioa
Seve Sagarzazuren goialdeko etxebizitza batean bizi da Fermin Bergara, jada erabiltzen ez den topoaren biaduktua bere balkoitik 3-4 metrora du. Astelehenen izan zen harekin Hitza. Nahiz eta topoaren zaratarik gabe ordu gutxi batzuez bizi den oraindik ere, arras gustura dago harrabots horren galerarekin. Eguneroko adibide bat eman du: «Telebistan pelikularen bat ikustean, adibidez, topoa pasatzen zen uneoro filmaren zati bat entzuteari uzten genion. Orain ez da hala. Adibide txikia da, baina bizi genuenaren oso adierazgarri dela uste dut». Bergarak aipatu du astegunetako gauetan toporik ez zen arren, trenbideak beharrezko zituen mantenu lanak gauez egiten zituztela beharginek, eta hori soinu errazio erantsia zela haientzat, loa oztopatzeraino. «Eta herrietako festetan, Donostiako edo Errenteriako festetan adibidez, gaueko topo zerbitzuak indartzen dira. Tren gehiago jartzen dituzte. Horien erruz ere izan ditugu lo gutxi egindako gauak…».
Bitxikeria bat aipatu du. Astegunetan, hamabost minutuero pasatzen ziren topoak haren balkoi aurretik. «Ordulari funtzioa betetzen zuen batzuetan zarata horrek. Topoen pasaeraren arabera banekien zer ordu zen. Hortaz, hitzorduetara puntual iristeko baliabidea zen zarata hura, ordulariari begira egon gabe… Orain, agian, berandu iritsiko gara hitzorduetara».
Ez dute botako zubibide osoa. Marealtaren gaineko bi arkuak ez dira desagertuko; han, ostegunetik ostiralerako gauetan etxebizitzetan erabilgarri ez diren altzariak uzteko gunea dago. «Maiz zikina eta utzita egoten da. Bizilagunek ez dituzte ordutegiak-eta errespetatzen, eta nahi dutenean uzten dituzte altzari zaharrak. Hala, bi arku horiek berritzen badira, nahiko nuke altzari zaharren gunea tokiz aldatzea».
«Elizako kanpaia-hotsei baino, kasu gehiago egiten genion topoaren pasaerari jakiteko zer ordu zen». Tania Trezetek erdi-txantxetan esandakoa da hori. Trenaren zubibidearen alboan bizi da hura ere bai, eta antxotarrak zer ordutan bizi ziren jakiteko unean haren joan-etorriak entzutea besterik ez zela jakinarazi du. «Gainera, azken egunetako beroaldiagatik etxeko leihoak zabalik izan ditugu askotan. Orain ez dugu deus entzuten». Pozik da Gure Zumardia berriak duen egiturarekin: «Asko gustatzen zait nola gelditu den. Herria hankaz gora izan da, kokoteraino ginen. Zumardi berriarekin hobera egin dugu, nabarmen». Seme txikia du Trezetek: «Orain Axular plaza ez den beste toki bat dugu haurrekin egoteko. Zabaltasun hau eskertzekoa da; Antxo nahiko itxia da, itzal asko dago. Plaza hau oso argitsua da, eta horrek bizipoza ematen du».
Joseba Artanok 33 urte daramatza Sebas harategi-urdaitegian lanean. Gure Zumardia berrituaren atarian du negozioa. «Lanak luze joan dira, bai. Ia bost urteko prozesua izan da. Baina esan nahi dut obrak bitartean dena egoki joan dela, lanen arduradunek beti hartu gaituzte kontuan, eta edozer egin behar zutela ere, beti abisatzen gintuzten. Jendearengan asko pentsatu dute lanak egiterakoan», esan du. Bezeroen konbertsazioak entzun izan ditu Artanok bere postutik: «Kexak izan dira lanen iraupenagatik, baina sentsazio orokorra da merezi izan dutela. Antxok asko irabazi du. Jendearen aldartean ere sumatzen dut hori. Herria zatitua zegoen lehen, orain ez; gainera, denak beste argitasun bat du. Barrutiko bizitzarako ona izan da hau guztia. Azken urteetan asko aldatu da Antxo, onera».

Geltoki berriko nasen irudi orokorra. Argazkia: Imanol Saiz.
Maiztasuna
Larunbata aurretik, astegunetan, 136 topok zeharkatzen zuten Antxo. Orain, ordea, 274 pasako dira lurrazpiko trazatu isiletik. Maiztasun handiagoa izango du topoak, beraz, Antxo-Amara zatian: 7,5 minutuero izango da tren bat Donostiara joateko (eta bueltatzeko) astegunetan; larunbat goizetan 15 minutuerokoa izango da trenen maiztasuna (igande osoan ere bai), baina larunbat arratsaldetan 7,5 minutukora itzuliko da zerbitzua. Horiek beti Donostiarantz; Errenteria edo Irun aldera joateko betiko ordutegiak izango dira.
2021aren bukaera aldera hasi ziren Altza-Galtzaraborda saihesbideko lanak, 73,6 milioi euroko aurrekontuarekin (2,1 kilometroko trazatu berria, Antxoko geltokia, eta Gure Zumardiaren urbanizazioa daude horren barne besteak beste); zubibidea kentzeko obren aurrekontua 7,7 milioi eurokoa da.
Euskotrenek ere inbertsioa egin behar izan du maiztasun horri eusteko: bost tren unitate berri erosi ditu, eta aldi berean 150 gidariri formazioa eman die eskaera berriei aurre egiteko.

2028rako, 2.800 metro koadro libre
Joan den larunbatean hasi zen funtzionamenduan Antxoko topoaren lurpeko geltoki berria. Hori abian, eta Gure Zumardia ia osoaren urbanizazioa bukatuta —detaile txikiak falta dira —, hurrengo urratsa izango da larunbata arte topoaren Antxoko pasaleku zen zubibidea kentzea.
Behin bide zahar hori hori deseginda (1912an eraiki zen), Antxok 2.800 metro koadroko eremu librea irabaziko duela zehaztu zuen astelehenean Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko sailburuak. Horren urbanizazioa Pasaiako Udalari dagokio, lurra udalerriarena delako. Pasaiako Udalak iragarri du espazio horretan zer egin herritarren parte hartzearekin erabakiko duela, Gure Zumardiarekin egin bezala. «Uste dugu herria eraikitzeko modurik onena bertan bizi diren pertsonei entzunez egitea dela», esan du Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak.
Zubibidea kentzeko lan horien lizitazioa aste honetan aterako da jendaurrera; lanak 2027ko lehen hilabeteetan hasiko dira; eta obra horiek 12 hilabeteko gehienezko epean egitekoak direnez, 2028aren hasieran ia erabat kenduta izango da 386 metroko pasabide altxatua.
Zubibide horren bi arku, ordea, mantenduko dira: Marealtaren gainekoak. «Biaduktua Antxoko sinboloetako bat da. Horregatik, ez dugu erabat desegin nahi», esan zuen Garcia Chuecak. Geldituko den zatia eraberrituko dutela azaldu zuen Jaurlaritzaren ordezkariak.
Puskaka
Zubibidea ez dute ohikoak diren eraiste tekniken bidez egingo; zatika kenduko dituzte bertako piezak, etxe artean izanik tentuz egin beharreko lanak direlako. Prozesua luzea izango dela (hamabi hilabetekoa) adierazi zuen asteleheneko agerraldian Garcia Chuecak, eta kontu handiz egin beharreko lanak direla berretsi albo-alboan etxebizitzak daudelako.
Biaduktua kenduta, Antxok espazio zabal bat irabaziko duela azaldu zuen Jaurlaritzaren ordezkariak, eta «egun arku horiek duten paisaia anakronikoa» ezabatuko dela: «Zubibidea kenduta, inguruko bizilagunek bizi-kalitatea hobea izango dute. Antxotar gehienek zeharkatzen dituzte egunerokoan arkuak, eta beste garai bateko hiri paisaiaren lekuko dira. Hori guztia aldatuko da hemendik gutxira».
