Kalean da 'Oiartzun 2026' urtekaria
Berezi janari dendan, Pikoketa eta Zapirain estankoetan, Garmendia okindegian, Urrats paper dendan, Ibarreko gasolindegian, Galdos tabernan, Intxixu jatetxean eta Mamuteko liburu dendan erosi daiteke.
Izaskun Madariaga, Garazi Urdampilleta, Iosune Cousillas eta Joxan Eizmendi urtekari batzordeko kideak. Dagoeneko argitaratu dute Oiartzun 2026 urtekaria. Honakoa 56. bilduma da, eta urtekari batzordeak abuztuaren 1eko ekitaldian aurkeztuko du liburua. Hala ere, honezkero eros daiteke herriko zenbait puntutan lana.
Aurtengoa Iosune Cousillas, Izaskun Madariaga, Jaione Ugaldebere, Joxan Eizmendi eta Garazi Urdampilletak koordinatu dute, eta bertan herriko pertsona, talde eta gertakari nabarmenenak bildu dituzte. Azken emaitza horrek 260 orrialde ditu, eta hamar ataletan banatuta elkarrizketak, historia, seme alabak, kultura, kirola, irakaskuntza, herriko eragileak, ingurumena, albiste aipagarriak eta argazki zaharrak bezalako gaiak jorratu dituzte.
Elkarrizketa nagusia, Sandra Mosquera Martinezi
Aurtengo urtekariko elkarrizketa nagusia Sandra Mosquera Martinezi egin diote, Ekuadorren jaiotako oiartzuarrari, alegia. Alabaina, Juantxo Aizpurua Mitxelena, Kepa Olaiz Odriozola, Oihan Aristizabal Cruz, Ixiar Aburuza Rezola edota Karmele Mitxelena Etxebesteri ere egin dizkiote elkarrizketak. “Gure artetik joan diren eta herriko bizitzan garrantzitsuak izan direnak” ere badaude orri horietan zehar, bai eta zenbait urteurrenekin lotutako testuak ere.
Liburuak lau euro balio du, eta honako guneetan eros daiteke: Berezi janari-dendan (Altzibar); Pikoketa estankoan (Arragua); Garmendia okindegian, Urrats paperdenda eta Zapirain estankoan (Elizalde); Ibarreko gasolindegian (Iturriotz); Galdos tabernan (Gurutze); eta, Intxixu jatetxean eta Mamuteko liburudendan (Ugaldetxo).
Oiartzun 2026 urtekariaz gain, Joxemari Iturrioz Oñatibiak Mugarri bildumarako idatzi duen Oiartzungo burdinolak, olagizonen auzia eta Olaberria udal burdinola liburua ere salgai dago hamabi euroan.
