Herriko sagardoen artean pizten da lehia
Ibargain elkarteko kideek antolatzen dute urtero sagardo lehiaketa. Aurtengoa berezia da, elkarteak 50 urte betetzen dituelako, eta lehiaketak 25.
Sagardoaren eta Oiartzunen arteko harremana handia da. Maiatzean egiten den Sagardo Eguna geroz eta handiagoa izaten da. Egun horretako arratsaldean sagardotegi handien uzta probatzeko aukera izaten da, baina herriko sagardogileek ere badute haien lekua, goiz aldean. Hori baita sagardoaren kulturak Oiartzunen bultzatzen duena, familietan, baserrietan eta lagunen artean sagardoa egitea. Lehen, baserrietako edaria zen sagardoa, eta hori edaten zuten bizirauteko, haien uzta azken tantaraino aprobetxatuz. Ohiturarekin jarraitzen dute Oiartzungo dozenaka baserrik, eta horren adibide dira Sagardo Eguneko goiz partea, eta batez ere, xanistebanetako sagardo lehiaketa. 25. aldiz egingo dute aurten sariketa abuztuaren 4ko 11:50an hasita. Inaxio Uharteren omenezkoa da.
Ibargain elkarteak antolatzen du gaur egun sagardo lehiaketa. Herriko sagardogileak biltzen dituzte, hamabost bat, sagardo onenaren bila. Andoni Iragorri elkarteko kidea da, baita sagardogilea ere. Ilusio handiz hitz egiten du lehiaketari buruz, eta baita sagardoari buruz ere. Oiartzun herri sagardogilea dela dio, eta zortzi auzoetan badagoela edaria sortzeko, eta noski, edateko kultura. «Hasiera batean soilik Iturriotzen egiten zen lehiaketa, eta gutxinaka auzoz auzo hedatu zen ideia. Hor ikus daiteke zenbat jendek egiten duen sagardoa herrian», azaldu du. Auzoetan egiten ziren lehiaketak, baina Oiartzunen ere aspaldi bazen lehia. Bertso Astearen barnean sagardo lehiaketa egiten zen. Ondoren urte luzez ez zen egin, eta azkenean AEK-k berreskuratu zuen. Gerora Ibargain elkarteak 2014. urtean hartu zuen bere gain.
Hamabost partaide inguru elkartzen dira txapelketan. Iragorrik azaldu du hortik gora gehiegi direla, eta horregatik muga jartzea beharrezkoa dela. Baina, hamabost sagardogile baino gehiago daude herrian, beraz, nola erabakitzen dute nork parte hartzen duen eta nork ez? Auzo bakoitzeko ordezkariak bidaltzen dira azken urteetan. «Zortzi auzoetatik zazpitan ditugu sagardogileak, beraz, gutxi gorabehera auzo bakoitzeko bi pertsonek hartzen dute parte», azaldu du Iragorrik. Aurreko asteburuan, adibidez, Iturriotzeko jaiak izan ziren, eta bertan ere sagardo lehiaketa egiten da. Bertako bi onenak Oiartzungo txapelketara joango dira.
Pixkanaka auzoen laguntza handiagoa izaten da. «Lortu dugu Iturriotzen, Karrikan, Ergoienen eta Gurutzen haien txapelketetatik onenak iristea, hau da, haiek iristea gugana eta ez gu joatea haien bila», adierazi du Iragorrik. Iturriotzeko txapelketa bi aldiz irabazi du Iragorrik, eta Oiartzungoa behin. Itsu-itsuan dastatzen dira sagardoak, hau da, inork ez daki zeinen produktua ari den edaten. Epaimahaiak bertaratzen diren guztiak dira. Sagardoa edateko edalontzi bat erosi behar da, eta edalontzi horrekin paper txiki bat ematen da. Paper horretan gehien gustatu zaion sagardoaren zenbakia jarri behar du kontsumitzaileak. Bukaeran, bozka gehien dituenak irabazten du saria.
Sagar zaporea nabari
Sagardotik sagardora ezberdintasun handiak daudela dio Iragorrik. «Gauza askok baldintzatzen dute sagardoa. Sagar mota, urte horretako uzta, urte horretan egindako eguraldia… eta noski, sagardogilearen eskua». Ezberdinak izan arren, Iragorrik aitortu du bera ez dela gai bere sagardoa itsuzko dastaketa batean identifikatzen, erraza dirudien arren, gauza zaila baita. Hori ez ezik, sagardo naturalek ez dute sagardo industrialarekin zerikusia Ibargaineko elkartekideen ustez. Txomin Nazabal Ibargain elkarteko kidea da baita ere, eta nabarmendu du askotan, kanpoko jendea hurbiltzen denean, harrituta gelditzen direla etxeko sagardoarekin, «sagar zaporea dutela esaten dute».
Ederki ezagutzen du Nazabalek Ibargain. Iragorrirekin batera, elkarteko «ez zaharrak eta ezta ere gazteak» direla dio, eta atzera begira jarri da elkartearen hastapenak gogoratzeko. Aurten, 50 urte bete ditu elkarteak, beraz, urte berezia dute esku artean. «Garai bateko ehiztariek toki bat behar zuten eta hau erosi zuten 51 pertsonaren artean. Baziren eraikin osoa erosteko dirua zutenak, eta baziren, noski, bankuan dirua eskatu behar izan zutenak ere», azaldu du Nazabalek. Garai bateko jauntxo baten etxea zen hura, eta beheko aldea, Ibargain elkartea dena, zaldiekin sartzeko eremua zen.
Handitzen joan da elkartea urteen poderioz. Ehiztarien izaera urtez mantendu da bertan, baina azken urteetan jada ez dira postu zozketak eta halakoak egiten. Ehiztarien oinordetzan oinarritutako elkartea da, baina hortik haratago doaz. Aurten, adibidez, 50. urteurrenean hainbat txapelketa egin dituzte. «Truk txapelketarekin hasi genuen urteurrena, eta ondoren musaren txanda izan zen. Barrikotea ere egin genuen ekainean, eta uztaila lasaiago hartu dugu», dio Nazabalek. Abuztuan, xanistebanak direla eta, sagardo lehiaketa izango da haien eginkizuna. Baina ez dira hor geratuko. «Irailean hasierako 51 horiek omentzeko otordu bat antolatu nahi dugu. Gero, urtea bukatu arte oraindik izango dugu denbora, beraz, joango gara ikusten». Urte berezia dute beraz, ospatzekoa.
Bi urteurren borobil bilduko dira aurten beraz. “Ilusio handiakin egingo dugu aurten lehiaketa, dudarik gabe. Baina urte osoa da berezia, eta nork daki, agian aurten egindako hainbat gauza hurrengo urteetan errepikatzen ditugu”, adierazi du Nazabalek. Berezia bai, baina urteroko berdina izango da lehiaketa, Baserritar egunaren barnean. “Pike sanoa dugu gure artean, eta nik uste hori txapelketa batean oso beharrezkoa dela”, esan du Iragorrik. Ibargaineko bikoteak aitortu du badagoela urtero irabazi beharreko sagardogileren bat, agian, jada gehiegi irabazi duelako.
