Feminismoaren egun handian ez da jana eta edana falta izan
Oiartzungo Asanblada Feministak bazkari beganoa antolatu du; bazkalostean, bingo musikatua eta Boloma zunba kuir ikuskizuna egingo dute.
Xanistebanak aurrera doaz, baina oraindik ere herritarrak prest dira jaiak topera disfrutatzeko. Gaueko ajea pasata, jende ugari bildu da eguerdian Doneztebe plazan Baserritarren Eguna gozatzeko. Sagardo tragoak hartu, eta Oiartzungo Asanblada Feministak Zimitiyoan antolatutako bazkari beganora hurbildu dira emakume ugari. Bertan, ehun lagun inguru izan dira jana eta edana mahaietara noiz helduko zain. 14:30ak pasata, edaria eta entsaladak zerbitzatzen hasi dira; eta giro bikainean bazkariari ekin diote.
Gaurkoa egun handia dute feministek. Bazkalostean, bingo musikatua izan dute eta 19:00etan Boloma zunba kuir ikuskizuna izango dute. Indarrak batzeko eta festarako eguna dute gaurkoa, eta igandeko agerraldian aipatu zuten bezala, herritar orori dei egiten diete jaiak berdintasunean gozatzeko: “Lagun ezazu espazio seguruak sortzen, laguntza eskatu eta saretu”. Jaiak amaitu bitarte, Oiartzungo Asanblada Feministak gogorarazi nahi izan die herritarrei banderola moreak eta kalkomania feministak izango dituztela eskuragarri Zimitiyoko txosna feministan.
Jarraian, HITZAk bazkarian ateratako argazki sorta eta arratsaldeko egitaraua:
Xanistebanak 2026, egitaraua
Abuztuak 4, asteartea:
- 18:30 Oiartzungo dantza taldeen emanaldia, Landetxe Plazan. antolatzaileak: Elizalde, Haurtzaro eta Olarri Dantza taldeak
- 19:00 Boloma zunba kuirra txosnagunean. Antolatzailea: Oiartzungo Feministen asanblada
- 19:00 Herri kirolen jaialdia, Haurtzaro ikastolan.
aizkolariak eta harri-jasotzaileak. antolatzailea: Iturri-Berri Elkartea - 19:00 Herriko gazteen bertso saioa, Haurtzaro ikastolan. Kattalin Arabolaza, Egiar Otegi eta Peru Alijostes bertsolariak. Antolatzailea: Martzelina Bertsozale Elkartea
- 21:00 Goi-mailako pilota partidak, Madalensoro Pilotalekuan. Eskuz binaka neskak eta mutilak. Antolatzaileak: Oiarpe K. E.
- 22:00 Hika teatroa eta Oinkari dantza taldearen MAKIL HOTSAK ikuskizuna, Elorsoro kiroldegian. Antolatzailea: Haurtzaro Dantza taldea
- 22:00 Musika Jaialdia, Done Eztebe plazan: 6Etzi. Antolatzaileak: Musika Batzorde
- 23:00 Musika Jaialdia, txosnagunean. astelehen goizak eta loraze. Antolatzaileak: Musika Batzordea
- 23:00 Helduen danborrada, Oiartzungo kaleetan zehar. Antolatzaileak: Auzokalte Elkartea eta Haurtzaro ikastola
- 24:00 Dj Bull, zimitiyoko txosnan, euskal musikaz girotua. Antolatzailea: Zimitiyoko txosna
