Lezo, kulturaz blaitzeko prest
Ostiral honetan ekingo diote zazpigarren Kilometro Lezo jaialdiari. Hiru antzerki, kontzertu bat, dokumental baten proiekzioa eta bi dantza emanaldi izango dira datozen asteetan.
Datozen asteak mugituak eta kulturaz betetakoak izango dira Lezon. Izan ere, hilaren 21ean ekingo diote zazpigarren Kilometro Lezo jaialdiari. Irailaren 20ra bitarte luzatuko dute aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, ibiltaria izango dela jakinarazi du udalak. Kultura sailak aurreratu duenez, diziplina askotariko bederatzi emanaldi izango dira herriko zenbait txokotan.
Osotara, hiru antzerki, kontzertu bat, dokumental baten proiekzioa eta bi dantza emanaldi jasoko ditu aurtengoak. “Kaleko ikuskizunek maila handia dute Euskal Herrian eta Lezoko kaleetan ikusgai jarri nahi dugu”, aipatu du Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak.
Aitzol Saizar Kultura zinegotziaren arabera, “pozgarria” da udalarentzat “hainbeste lekutan antzerkiak, kontzertuak eta dantza emanaldiak antolatzea”: “hori da Kilometro Lezoren helburua, kultura herriko txoko guztietara eraman eta herritarrengana hurbiltzea”, esan du.
Berritasunekin dator zazpigarren ekitaldi hau, bi agertoki berri izango baititu jaialdiak: jada berrituta dagoen Altamiragain parkeko anfiteatroa eta Lezoaundi Zuhaiztia. Beheko koadroan egitarau osoa kontsulta daiteke.
Egitaraua:
- Hilak 21: Hortzmuga Teatroaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia eta galdutako gutuna antzerkia Gurutze Santuaren plazan.
- Hilak 22: Bitsa konpainiaren Haritik tiraka antzezlana Lezoaundia Zuhaiztian.
- Hilak 23: Trapu Zaharra konpainiaren Azkena eta bagoaz obra Lopene plazan.
- Hilak 28: Xak taldearen kontzertua Gurutze Santuaren plazan.
- Hilak 30: Ander Sanchezen Landa bila clown ikuskizuna eta Osa + Mujika konpainiaren Tupper dantrza emanaldia, biak Altamiragain parkeko anfiteatroan.
- Irailak 4: Lezo, dantzaren sehaska dokumentalaren estreinaldia Altamiragain parkeko anfiteatroan.
- Irailak 11: Dejabu konpainiaren Itzulera lana Goiko Plazan.
- Irailak 20: Oinkari eta Hika Teatroak Makil Hotsak ikuskizuna eskainiko dute.
