"Protagonismoen gainetik, politika eraginkorrak" eskatu dituzte Errenteria eta Hernaniko alkateek
Donostiako alkateak etxegabetasunaren fenomenoak eskualdean planteatzen dituen erronkez aritzeko egindako gonbidapenaren harira, zenbait gogoeta parekatu nahi izan dituzte.
Otaegi eta Lertxundi, gaurko agerraldian. Errenteriako alkate Aizpea Otaegik eta Hernaniko alkate Xabier Lertxundik agerraldi batera egin dute gaur Errenteria-Oreretan. Joan den hilaren 12an Donostiako alkateak gonbidapen bat luzatu zien bi udalei, etxegabetasunaren fenomenoak eskualdean planteatzen dituen erronkez aritzeko, hain zuzen, Gipuzkoako hiriburutik bultzatu nahi den erakunde arteko lankidetza ekimen batean parte hartzeko. Irailaren 3an izango da hori. Testuinguru horretan, “zenbait gogoeta partekatu” nahi izan dituzte bi alkateek gaur.
Lehenik eta behin, bi udalen izenean, “etxegabetasunaren eta bazteriaren arazo larriari erantzuteko azterketa partekatuak, erakundeen arteko kordinazioa eta gobernantza bateratua” beharrezkoak direla aipatu dute. “Etxegabetasuna udalerri mugarik ezagutzen ez duen fenomeno sozial larria da, erakunde arteko elkarlana eta jarduteko modu berriak eskatzen dituena”, esan dute. Bide horretan gogorarazi dute elkarlan horretatik, Eusko Jaurlaritza Eudel eta Aldundien elkarlan instituzionaletik hain zuzen, Etxetik gabeko pertsonen estrategia sortu zela 2018an. Errenteriako zein Hernaniko Udalak etxegabetasunari edo gizarte bazteriari “axolagabe begiratzen dioten” bi udalerri ez direla gaineratu nahi izan dute: “Sarri egin diren adierazpenetan esan edo sugeritu direnen kontra, etxegabetasunaren eta, oro har, bazterkeriaren kontra eta gizarte kohesioaren alde egitearekin irmoki konprometituta gauden bi udalerri gara”.
Bi udalerrien konpromiso irmoa “ez dela hitzezkoa” erantsi dute, eta hainbat adibide jarri ditu Aizpea Otaegi alkateak. Batetik, aipatu du Errenteriako Udalak urtero ia 2,8 miukioi euro bideratzen dituela gizarte bazterketari aurre egiteko estrategia garatzera, udal aurrekontu osoaren %4 baino gehiago. Eta apustu hori “datuetan islatzen” dela: 2024-2030 Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera, herriak 11 plaza izan beharko lituzte bazterketa egoera dauden pertsonentzat, eta gaur egun, 39 ditu. Herriak Aldundiaren eskakizunaren gaineko udal apustua “hirukoiztu” egiten dula gaineratu du, eta Oarsoaldeak bete beharreko plaza kopurua ere estaltzen duela Errenteria-Oreretak, “ia bikoiztu egiten duelarik”. Otagi: “Datuek errealitate bat islatzen dute eta sarri asko hedabideetan esan edo sugeritzen direnek beste errealitate bat trasladatu nahi izaten dute, egiazkoa ez dena”.
Errenteria-Oreretari dagokionez, hainbat kontu aipatu nahi izan ditu. Oraingo gonbita ez dela Errenteria-Oreretak Donostiaren eremu metropolitarreko udalerrien arteko alkateen bilera batera deitzen den lehen aldia izan gaineratu du. 2021eko otsailean Irun, Donostia eta Errenteriako alkateen eta Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuaren arteko bilera bat egin zela gogorarazi du Otaegik, Errenteriako alkateak berak sustatuta. “Kezka eta proposamena; bost urte beranduago Donostiako alkateak planteatzen duen bera zen: udalerriz gaindiko estrategia irmo eta koordinatua etxegabetasunaren mugarik gabeko errealitate gordinari aurre egiteko”.
Bilera hark “berehalakoan ez zuela berritasun handirik ekarri” esandute bi alkateek: “baina esatera ausartuko gara, neurri handi batean, haren ondorena ere badela, 2024. urtean Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak Gizarte Inklusiorako batzordea erabaki izana”.
Batzorde hori azken hilabete luzeetan lanean aritu direla diote, lurralde mailako egoeraren diagnostikoa egin eta 30 aholku eta gomendio luzatu dizkio Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiari. Batzorde horrek “lurralde ikuspegiarekin”lan egin duela diote eta aldundiak, Eudelek eta eskualde bakoitzeko udal banak parte hartu dutela.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahai horretan Hernaniko Udala “buru-belarri” ari dela erantsi dute, “eskualdeko zorroak zehazten duen betekizunari erantzungo dion baliabidea errealitate bihurtzeko lanean”. Hasiera batean baliabide propioa habilitatzeko asmoa zuen Hernaniko Udalak, baina aldundiaren aholkuz, eskualdeko baliabide izateko erabakia hartu dute. Bi erakundeak “eskutik” ari direla esan du Lertxundik: “Elkarlan horretan Aldundiak eskualdeko diagnostikoa egin du eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin eta gainontzeko udalekin batera, eskualdeko lanketa gidatzen ari da Hernaniko Udala eta artatze eredu berritzaile bat eraikitzen”. Honi lotuta, adierazi du proiektua arlo honetako egitasmo berritzaileetarako Europar Batasunak irekitako diru laguntza deialdira batera aurkeztu dutela, “2 milioi euroko finantzaketa lortzeko helburuarekin”.
Protagonismoak “alde batera”
Bukatzeko, eta Donostiako alkateak deitutako ekimenean “parte hartzeko gure adostasun osoa adieraziz, guztiok zenbait konpromiso” hartzeko eskaera egin dute bi alkateek. Alkate protagonismoak eta alderdi interesak “alde batera uzteko” beharra nabarmendu dute: “Jar dezagun erdigunean eta eman diezaiogun protagonismo, esku artean dugun egiturazko arazo larri honi”.
“Egin dezagun lan argazki eta hedabideen fokuetatik kanpora. Denok dakigu, lan diskretua emaitza eraginkorraren giltzarri iza ohi dela. Albora ditzagun beste udalerrien konpromisoa kuestionatzen duten hedabide adierazpenak, are, egiazkoak ez diren mezuak helaraziz. Segin dezagun konpromisoak hartzen eta betetzeko baldintza lantzen. Egin dezagun lan hirugarren sektorearekin eta eragile sozialekin batera. Euskal harrera eredua eta etxegabetasunarekin esku hartzeko estrategiak hirugarren sektorearen eta gizarte erakundeen eskutik joan dira beti. Eragile horiek elkarlanaren aprte izan beahr dira”.
Gaurko agerraldia bukatzeko, honako gogoeta egin dute Otaegik eta Lertxundik: “Ez ote den eraginkorragoa Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahai horretatik sortutako Gizarte Inklusirako batzordearen markoan lanean jarraitzea”. Batetik, “hori existitzen delako jada eta bertan ordezkaritza daukagun erakunde guztiok inklusiorako bideorria adostu dugulako” haien ustez, eta bestetik, “udalerrien lanaz harago, beste erakundeen inplikazioa (Aldundiarena eta Jaurlaritzarena) ezinbestekoa delako”.
2018ko estrategia “zaharkituta” geratu dela erantsi du Otaegik, eta berritzeko unea dela uste du, “ikusirik gure kaleetako etxerik gabeko pertsonen kopurua %20 murrizteko helburua, bete ez, eta errealitateak 2018 urtearekiko beste norabait eramaten gaituenean”.
EAE mailako estrategia “errealista, partekatua, eguneratua eta beahr adinako aurrekontu zuzkidura duena” beharrezkoa dela gaineratu dute, “euskal gizarte osoak aurrez aurre duen errealitateari erantzungo diona”. “Etxegabetasuna eta bazterkeria arazo larria da, erakunde eta gizarte erantzun irmoa behar duena. Etxegabetasunak eta bazterkeriak ez dute udalerri mugarik ezxagutzen. Eta ez, orain arteko egindakoa ez da nahikoa. Jarrai dezagun lanean, espazio berriak eraikiz baino, politika eraginkorrak posible egingo dituzten konpromiso berriak hartuz”.
