Aukera berri bat Oiartzundik eta Errenteriatik Donostiako ospitaleetara joateko
Lurraldebusen E31 linea bihar (irailak 1) jarriko dute martxan. Oiartzundik 07:00etan irtengo da lehen zerbitzua, eta azkena 21:00etan.
E31 linea berriak egunero emango du zerbitzua. Lurraldebusek E31 linea berria sortu du, eta bihar (irailak 1) jarriko dute martxan. Oiartzun eta Errenteria Donostiako ospitale eremuarekin zein Miramonekin lotuko ditu Ekialdebusen zerbitzu berriak. Lurraldebusetik jakinarazi dutenez, “lanera joateko nahiz osasun zerbitzuetara iristeko” sortu dute E31, “joan etorriak erosoagoak eta irisgarriak izan daitezen, ibilgailu pribatuaren edo hirugarrenen menpe egon beharrik gabe”.
Bihar goizean egingo du autobusak haren lehen ibilbidea, baina astelehenetik igandera emango du zerbitzua linea berri horrek, baita jaiegunetan ere. Aurreratu dutenez, goizeko lehen ordutik gauera arte izango da linea hori erabiltzeko aukera, eta bidaiari gehien mugitzen den orduetan 60 minutuero igaroko da.
