Irailean ere ez da aspertzeko tarterik izango Oiartzunen
Oiartzungo Udalak iraileko aisialdiko agenda argitaratu du. Kontzertuak, Gurutzeko festak edota arte eszenikoko hitzorduk izango dira, besteak beste, nagusi.
Ekin diote zenbaitek ikasturte berriari. Errutinan sartu dira asko bete-betean, baina badira oraindik udako oporrez gozatzeko aukera dutenak ere. Multzo batekoa zein bestekoa izan, oiartzuarrek ikasturtea gogotsu hasteko edota oporrak agurtzeko aukera izango dute herrian datozen egunetan izango dituzten zenbait jarduerekin.
Izan ere, betiko moduan, Oiartzungo Udalak iraileko aisialdiko agenda argitaratu du, eta honako jarduerak bezalakoak aurki daitezke zerrenda horretan: Esanezin musikariaren saioa, Gurutzeko festak edota Killirikuperen ikastaroen aurkezpena.
Landetxe aretoan, berriz, Rondallas eta Mi amiga Eva filmak ikusteko aukera edota Renata antzezlanaz gozatzeko parada izango da.
