Gaurtik ostiralera, trafiko aldaketak Oiartzunen
GI-2132 eta GI-2134 errepideetan lanak egingo dituzte 22:30etik 5:30era. Ordu tarte horretan errepidea itxita egongo da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenaren arabera, Oiartzungo errepideetan zenbait lan egingo dituzte hilaren 1etik 4ra bitarteko gauetan. Justuki, GI-2132 eta GI-2134 errepideetan bi noranzkoetan zorua birgaitzeko lanak egingo dituzte, eta trafikoan zenbait aldaketa egon daitezkeela ohartarazi dute.
Lanak 22:30etik 5:30era bitartean egingo dituztenez, ordu tarte horretan GI-2134 errepidea itxita egongo da Arraguako biribilgunearen eta AP-8ko lotunearen artean, bi noranzkoetan. Hartara, Oiartzundik etorrita Arraguako biribilgunera joan nahi duenak GI-2134 errepidean aurretik dagoen bidegurutzean desbideratu eta Rafael Pikabea etorbidea zeharkatu beharko du GI-3631 errepidean sartu gabe. Bide horretatik Arizmendi biribilgunera joan beharko da, eta han GI-2132 errepidearekin bat egin. Era berean, gaurtik hilaren 4rako gauetan 22:30etik 5:30era itxita egongo da AP-8ko 11. irteera Donostiarako noranzkoan.
Errenteriatik etorrita GI-2134 errepidera jo edota AP-8 11-2-E lotunea hartu nahi duenak Irunerako noranzkoan GI-2132 errepidetik jarraitu beharko du Arizmendi biribilguneraino, eta han GI-3631 errepidera sartu. Hortik Ugaldetxo auzora joan eta Rafael Pikabea etorbidetik zirkulatu ondoren, GI-2134 errepidearekin bat egin beharko du.
Azkenik, Irundik AP-8 autobidetik etorrita Oiartzunera edota Errenteriara joan behar duenak GI-20 errepidea hartu beharko du, eta GI-20-2-1-S irteeran atera. Gero, Las Mercedes biribilgunean sartuta bi aukera daude: batetik, GI-636 errepidera joan eta Oiartzuneraino iristea, edota noranzkoa aldatu eta berriro AP-8an sartzea. Horretarako, baina, GI-20 adarrean sartu beharko da Irungo noranzkoan, eta AP-8 autobidearekin Errenterian bat egin beharko da Oiartzunera iristeko.
