Euskal Selekzioarekin segan aritzeko, Austriara
Europako Taldekako Sega Txapelketa jokatu da berriki Austrian, eta bertan lehiatu dira Manex eta Joxe Luix Olaiz, zein Bixente Mitxelena. Lau talde osatu dituzte, eta hiru igo dira podiumera.
Manex Olaiz oiartzuarra, segan. Almitza Sega Elkartea Eguneroko lanetan murgilduta dago jada Manex Olaiz oiartzuarra, baina denboran atzera egin du une batez udan Austriako Moosdorf herrian bizitakoa gogoratzeko. Bi urtean behin Europako Taldekako Sega Txapelketa jokatzen da, eta han izan da Olaiz, Almitza Sega Elkarteko kideekin batera.
Euskal Herria ordezkatzeko zortzi lagun joan dira lehiaketara, tartean Oiartzungo Bixente Mitxelena eta Joxe Luix Olaiz —Manexen aita—. Txapelketa horretan parte hartzeko zenbait talde osatu zituzten, eta Olaiz gaztearekin batera Mitxelena, Altzo Jauregi eta Oier Urkola lehiatu ziren gizonezkoen sega txikian zein sega handiko kategorietan. Sega txikiak 90 zentimetroko luzera izan behar du gehienez, eta modalitate horretan eskuratu zuten garaipena oiartzuarrek. Talde berak, baina, sega handian laugarren egin zuen.
Joxe Luix Olaiz, berriz, talde mistoan lehiatu zen, eta hura ere pozik itzuli da herrira, hirugarren postua eskuratu baitzuten. Azkenik, emakumezkoen talde bat ere osatu zuten sega handian aritzeko, eta hirugarren egin zuten hor ere. Hortaz, lau talde osatu zituzten, eta horietatik hiru igo ziren podiumera. Olaiz gazteak kontatu duenaren arabera, “txapelketa hori liga bat bezala” izaten da: “Lehendabizi nazio guztiekin erronda bat egiten da, erlojupeko baten antzera, eta hor denbora eta txukuntasuna hartzen dituzte kontuan”. Hasierako lan hori amaitzean, lehenengo lau postuak eskuratu dituzten taldeak finalera sailkatzen dira, eta talde horiek momentu berean lehiatzen dira. Finalean denbora hartzeaz arduratzen dira batzuk, eta txukuntasuna neurtzen dute epaileek; “nazio bakoitzetik epaile batek egon behar du dena ahalik eta justuen izan dadin”, gehitu du.
Europako txapelketan, bigarrenez
Duela bi urte Eslovenian jokatu zen bakarkako Europako Txapelketan izan ziren oiartzuarrak, baina taldeka aritu dira oraingoan, eta hor nabaria da ezberdintasuna. “Taldeka joatea polita da. Egitekoa beste lasaitasun batekin hartzen da, baina ardura gehiago ere badago, taldean beste hiru kide ere badirelako”, azaldu du segalari gazteak.
Hemeretzi urte baino ez ditu Manex Olaizek, eta gaur-gaurkoz lanean eta ikasten ari bada ere, sega munduari estu lotuta ikusten du bere burua datozen urteetan, “hemengo modalitatean, kiloetan parte hartzea” baita haren helburuetako bat.
Pilotan ere aritzen da, eta jakitun da “aurtengo urtea nahiko zaila izango dela” entrenamenduak egiteko, baina argi dauka: “Jarraituko dut”. Ikasketak amaitzean “beste helburu batzuekin” entrenatzea da haren nahia.
Entrenamenduak egitea, “zaila”
Almitza Sega Elkarteko kidea da gaztea, baina kontatu duenez entrenamenduak “bakoitzak ahal dituen moduan” egiten ditu; are, gaineratu du ez dela “batere erraza” entrenamenduak lortzea.
Bide horretan, nabarmendu du segan jarraitzeko “gauzak oso zail” daudela: “Segan aritzeko baserritarra izan behar zara, edo bestela, baserriren bat gertu eduki. Egunero edo bi egunetik behin belarra egin behar da, eta horretarako belardi bat izan behar da. Belarra bildu egin behar da, eta jasotakoa gero behiei edo ardiei eman behar zaie. Ez da kritika egiteko, ezta gutxiago ere, baina gurea ez da harria jasotzea bezala, guk ezin dugu pabiloi batean entrenatu”.
Segan aritzeko berebiziko garrantzia du eguraldiak, haren arabera aldatzen baita belarraren egoera. “Guk ezin dugu pabiloi batean sartu eta eguraldia edozein dela ere bertan entrenatu. Aurten eguraldiagatik belarra lehorra egon da, eta pare bat korte egiteko aukera izan dugu. Finean, belarra lehorra badago ezin da entrenatu, euria egiten badu ere ez…”.
Azken hiruzpalau urteetan sega “asko erori” dela sentitzen du oiartzuarrak, baina sinistuta dago berriro gorantzako bidea hartuko duela herri kirol horrek, “ea jende gehiago mugitzen den”.
Hala ere, badaki saio bat ikusi nahi duenak konkretuki segan egiten den leku batera joan behar duela; “sega ezin dugu nahi dugun lekura eraman, jendeak etorri behar du gu gauden lekura”. Zailtasunak zailtasun entrenatzen jarraituko duela argi du.
