Gorka eta Jon Telletxea anaien senideak, eskertuta
Garagaztaño festa egin dute Gaztañoko bi bizilagunen omenez. Familiak esker ona adierazi die antolatzaile, parte hartzaile eta boluntarioei.
Garagaztaño barruan egin zuten bazkariko irudietako bat. “Oso festa polita antolatu zuten Gorka eta Jonen [Telletxea] omenez, giro oso polita eta atsegina sortu haiek oroitzeko, eta eskertuta gaude oso”. Ainara Telletxea, Gorka eta Jon Telletxearen arrebaren hitzak dira, familia osoaren izenean.
Garagaztaño artisau garagardo azoka eta egun osoko egitaraua antolatu zuten joan den larunbaterako Gaztañoko Auzo Elkarteak, auzo horretako jai batzordeak eta hainbat norbanakok Gorka eta Jon Telletxea anaiak omentzeko. 2025eko irailean zendu zen Gorka Telletxea, eta aurtengo martxoan haren anaia, Jon Telletxea. Gaztañon jaio eta bertan bizi ziren bi anaiak, eta auzoak haien omenez antolatu zuen egun osoko jaia.
Jende andana gerturatu zen goiz zein arratsaldez antolatutako ekitaldi eta kontzertuetara eta bazkarian 250 lagunek hartu zuten parte.
Haien arrebak, familia eta gertukoen izenean, eskerrak eman dizkie jaia posible egin zuten guztiei: “Hasi antolatzaileetatik, segi parte hartzera gerturatu ziren guztiekin, eta nola ez kozinatzen eta lanean egun osoan lanean izan ziren boluntarioekin. Denei eskerrik asko hain egun polita antolatzeagatik Gorka eta Jonen omenez”.
