E05 Lineako gidari bat eraso dutela salatu du LABek
Errenteria-Oreretan izan da erasoa, Beraungo anbulatorioaren parean zehazki, sindikatuak jakinarazi duenez.
Ekialdebuseko autobus bat. Ekialdebuseko gidari bati eraso egin diote gaur goizean. Hala jakinarazi du LAB Ekialdebusek, eta gogor salatu: “Beste eraso bat izan da Ekialdebusen. Hau ez da pazientzia arazoa, segurtasun arazoa baizik”.
Erasoa E05 lineako autobus batean izan da, Errenteria-Oreretan, Beraungo anbulatorio parean. LAB sindikatuak azaldu duenez, Visa txartelarekin ordaindu nahi zuen bidaiari batek. Gidariak ezinezkoa zela esan, orduan egin dio eraso bidaiariak, eta ihesi atera ondoren. Kezkatuta eta haserre mintzatu da sindikatua, eta mezu argia zabaldu: ez dutela eraso gehiagorik onartuko, “segurtasunez eta duintasunez lan egin nahi dugu”.
Eskaera zehatzak ere egin ditu Ekialdebuseko LABek: Visa txartelarekin ordaintzeko sistema berehala ezartzea; neurri zehatzak hartzea, halako egoerak errepika ez daitezen; erasoa jaso duten langileei babesa eta laguntza ematea; eta erantzun argia ematea.
LAB sindikatuak Ekialdebuseko gidari baten kontrako beste eraso bat salatu zuen joan den uztailaren 13an.
